1. Baloreak

Bizi Tokiko kideek komunean ditugun baloreak:

 

● Euskaraz bizi

Bizi Tokin euskaraz bizitzeko, komunikazioa, ahozkoa zein idatzizkoa, euskaraz egiten dugu. Hala ere, euskara ikasten ari diren pertsona erdaldunei, Bizi Toki egitasmoan esku hartzeko aukera eman nahi diegu.

Horretarako, horra egiten duguna :

- Euskaldunek : erdaldunak etorri bezain laster euskara ikasten laguntzen ditugu, haiei gehienetan euskaraz zuzenduz, ahozkoan zein idatzian, itzulpenak eginez eta azalpenak emanez. Goiz guziz, gutariko batzuek, euskararen ikasketan kontzentratu nahi duten helduen haurrak gure gain hartzen ditugu. Beste batzuk, euskara ikasten ari diren helduak laguntzeko hor gara.

- Erdaldunek : Bizi Toki egitasmoan esku hartzeak, bere helburuekin, besteak beste hizkuntza helburuekin, helduek zein haurrek bat egitea dakar. Gauzak hola, Bizi Tokira heldu bezain laster, entzunez, galderak pausatuz, ahozkoan zein idatzian esaldiak eraikitzen ahaleginduz, baita bakarka landuz ere, euskararen ikasketa abiatzen dugu. Helduei zein haurrei zuzentzen gatzaizkielarik, jadanik ikasitakoa praktikan ezartzen dugu. Jarduera bat animatzeko, itzulpenarentzat heldu euskaldun batek laguntzen gaitu; horrela, jarduera, euskara ikasteko parada bat gehiago bilakatzen da ere. Beste hizkuntzen erabilpena, beren ikasketarako antolatutako jardueretara mugatzen da edo euskaraz osoki ulertzea posible ez den egoeretara.

Pertsona erdaldun bakar batek talde euskaldun oso baten gain hizkuntza mailan ukan dezakeen eraginaz kontziente izanik, gu aur eta gure haurrek ahozko zein idatzizko euskara epe ahal bezain laburrean menperatzeko egin behar den guzia egitea dagokigu. Gure haurra jada mintzairan sartua baldin bada baina bakarrik erdaraz, euskaraz mintzatu ahal izan arte bere presentzia Bizi Tokin mugatzea beharrezkoa izan daiteke, euskara ikasten ari diren haur erdaldunei irekitako momentuetara. Horrela, pertsonek Bizi Tokin erabiltzen duten ohizko hizkuntza (euskara) aldatu behar izatea saihestu nahi dugu.

 

● Elkar laguntza eta adiskidetasuna bizi

Pertsonen arteko epe luzerako harreman sakonak bizi nahi ditugu, ondoko baloreetan oinarrituz: zintzotasuna, errespetua, elkar laguntza eta gatazken prebentzioa eta konponketa bortizkeriarik gabeko komunikazioaren bidez.

Pertsonen artean iragandako denbora luzeak sor ditzakeen elkarren ezagutza sakona, elkar ulertzea, konfiantza eta adiskidetasuna bizi nahi ditugu.

 

● Kolektibotasuna bizi

Indibidualismoak, hau da soilik nor beretzat bizitzeko joerak, bizimodu kapitalista ezaugarritzen du. Bizi Tokin, bizimodu kolektiboa eraikitzen eta bizitzen ari gara. Adibidez, Bizi Tokiko ondasunen jabegoa kolektiboa da eta « Bakoitzarengandik bere ahalen arabera ; bakoitzarentzat bere beharren arabera » lemari jarraikiz, kolektiboki ekoiztutako ondasunak (adibidez janaria) kolektiboko kideen artean partekatzen ditugu.

 

● Burujabetasuna bizi

Politikoki, Bizi Tokiko kideek indibidualki eta kolektiboki burujabetasuna eta autonomia bizi nahi ditugu, hau da, dagozkigun erabakiak gu aurek hartu nahi ditugu, gure burua gu aurek administratu (gobernatu) nahi dugu eta betetzen ditugun arauak eta legeak gu aurek finkatu nahi ditugu. Burujabetasuna eta autonomia jada hein batean bizi ditugu eta ildo horretatik doazen kolektiboekin harremanak bultzatzen ditugu.

 

● Jendarte ez kapitalista bizi

1. Lana, ikuspegi kapitalistatik, balorea sortzen duen jarduera bat da. Merkantzia bakoitzaren balorea, merkantzia hori ekoizteko beharrezkoa izan den lan denbora (kantitatea) da. Balorea diruak adierazten du.

2. Lana, jendarte kapitalistaren oinarria da, hau da, bizi soziala bere inguruan eratzen da. Beste molde batez adierazteko, bizimodu sozial kapitalistan, ekonomiak biziaren beste dimentsioak menpean ditu. Ekoizpena (edo lana, edo ekonomia), biziaren gainerateko jarduera sozialengandik deslotua eta biziaren gainerateko jarduera sozialekiko ezberdina den jarduera bezala hartuta, historikoki kapitalismoaren sorrerarekin etorri zen eta merkatu jendartearen harreman sozialen muina da. Lehenago, ekoizpenak biziarekin bat egiten zuen eta bizia harreman sozial ez kapitalistek ezaugarritzen zuten. Biziko jarduera ezberdinak arrunt elkar lotuak ziren, bereizi ezinak ziren.

3. “Adibidez, laguntza tekniko hutsa baino askoz gehiago ziren ohituren eta elkarrekikotasun arauen arabera auzoen laguntzaz zerria hiltzea eta gatzatzea, urdaitegi industrialean bezala ekoiztea ote zen?” galdetzen zuen Ingmar Granstedtek.

4. Behar materialak nahita nahiez aintzat hartu behar ditugu eta hauen asetzeko ekoizpena bermatu behar dugu, baina ez dugu ekoizpen honetaz bizi sozialaren abiapuntua ez eta ere oinarria egin nahi. Gainera, gure ustez, ekoizpen hau biziaren gaineratekoari lotu behar da. Horrela, adibidez, landatzea ez da soilik elikagaien ekoiztea, kanpoan egotearen plazera da ere, eguzkitan egotearena, jarduera kolektiboa egitearena, landareak eta abereak behatzearena, jakitateak eskuratzea eta transmititzearena, oturuntza baten iragarpena izan daiteke, kantu eta dantza kolektibo gaubeila batena, maitasun topaketa baten aukera... Asmatzekoa den beste gauza anitz izan daiteke ere, landatutako izakiekiko harreman berezi baten unea adibidez...

5. Gure harreman sozialak eta jarrerak eraldatzen ditugu, gaurko jendartean hauek ekonomikoak direlako; ekonomikoak ez izateko urratsak egiten ditugu. Ekonomiatik atera nahi dugu, hau da baloretik, ekoizpenetik, lanetik, dirutik, lansaritik (soldatatik), merkantziatik, merkatutik, lehiatik, trukaketatik, truketik... Ekonomiatik ateratzea, harreman sozial ekonomikoak harreman sozial ez ekonomikoetan eraldatzeko mugimendua da.

6. Gure sozializazioaren auto-eraldaketa kolektiboaz ari gara.

7. Gure antzeko ildotik doazten norbanako eta kolektiboekin, harreman sozialak eta kulturalak ukan eta garatu nahi ditugu. Ondasunak, oturuntzak, bestak… elkarri eman nahi dizkiogu. Emaitza horiek, harreman sozialak dituzte helburu. Merkatuan aurkakoa gertatzen da: harreman sozialak, merkantzien trukaketarako bitartekoak dira.

 

● Autosufizientzia ekonomikoa bizi

Gure jendartearen arazoak, jarduera ekonomikoak eta politikoak eskala handiegian antolatuak izateari lotuak dira besteak beste. Beraz, eskalaz aldatu behar da eta lokalki autosufizientzia eta autonomia garatu behar dira. Zentzu honetan, gure eguneroko oinarrizko beharrak gu aurek asetzea (adibidez elikagaiak, ekoizpenerako tresna sinpleak eta energia gu aurek ekoiztuz; eraikinak eraikiz, fabrikaziorako edo konponketarako tokiak...) ahalbidetzen duten jakitateak eta bitarteko materialak (adibidez lurra) indibidualki eta kolektiboki gureganatuz, ekonomikoki autosufizientea den bizimodu baterantz aitzinatzen gara.

 

● Elkarri emanez bizi

Auto-ekoizpenaren bitartez asetzen ez ditugun gure beharrak asetzeko, behar horiek adierazi eta lagunek egiten dizkiguten emaitzei esker ase nahi ditugu. Ber gisan, lagunek adierazitako beharrak ase ditzaten emaitzak egin nahi dizkiegu. Ez dugu eskualdatzen (transferitzen) ditugun ondasun horien baliokidetasuna bilatzen. Ematearen bidez esku zabaltasuna adierazi nahi dugu, eta horrek eskuzabaltasuna eragin nahi du. Ematearen bidez bestearekiko kezka adierazi nahi dugu ere.

Autosufizientziarantz aitzinatzeak eta elkarri emateak, bizitzeko gure lan indarra saldu behar izatetik gero eta gehiago askatzen gaitu.

 

● Naturarekin orekan bizi

Natura errespetatuz, honen kontaktuan bizitzen gara.

Planetaren oreka ekologikoarekin bateragarria den bizimodu baterantz ahal bezain fite aitzinatzeko, gure eguneroko hainbat ohitura aldatzen dugu.

Erabiltzen ditugun energiaren, ekaien eta tresnen jatorriari, ekoizpen prozesuari eta bilakaerari buruz hausnartzen dugu.

 

● Eskolari alternatiba bizi

Bizi Tokiko gurasoek ez ditugu gure haurrak eskolarizatzen, ez eskola konbentzionaletan, hau da administrazioak finkatutako programak segitzen dituzten eskola publiko zein pribatuetan, ez eta ere eskola alternatiboetan; gu aurek haurren hezkuntza gure gain hartzen dugu, irakasleei delegatu gabe; ezagutzak beren testuingurutik aterata pertsona batetik bestera transmititzeko ahaleginak egiten dituen eskolaren esku hezkuntza utzi gabe. Beraz eskolari alternatiba bat praktikan ezartzen dugu.

 

Hezkuntzaren bidez haurrei zein balore eta zein jakitate transmititu nahi dizkiegu?

Haurrei zerbait transmititu ahal izateko, hau da, haurrek, helarazi nahi dieguna benetan berena egin dezaten, transmititu nahi diegun hori zentzuz betea izan behar da. Baloreak eta jakitateak bereziki zentzuz betetzen dituenak, haurraren hurbilekoek (gurasoek, gurasoen lagunek...) egunerokotasunean hauek bizitzea da. Horretarako, belaunaldi ezberdinak biltzen dituen Bizi Toki espazio kolektiboan, guretzat garrantzi handia duten baloreak eta jakitateak bizitzen ditugu.

Bertan, haurren ikaskuntza prozesua, beren hurbilekoen egunerokotasunean sakonki errotua da, hauen bizi sozialari lotua da; haurrak, ikasketak ahalbidetzen dituzten hamaika testuinguruetan helduekin harremanetan dira: etxean, landa eremuetan, karrikan, tailerretan...

 

Demokrazia zuzena, espazio kolektibo honetan indarrean ezartzen dugu. Sistema politiko honek, bereziki haurrentzat funtzio hezitzaile eta sozializatzaile garrantzitsua du. Haurrek biltzarretan esku hartuz, argibideak, aholkuak, jakitateak... eskuratzen dituzte besteak beste, eta demokrazia zuzena praktikatzen dute.

Haurren hezkuntza, beren inguruko mota anitzetako praktika sozialek osatzen dute beraz. Adibidez, gure beste balore garrantzitsu bat autosufizientzia ekonomikoa izanik, haurrei, beren adinari egokitutako lanekin helduak lagunduz, lan kooperatiboetan esku hartzeko aukera ematen diegu. Elkar laguntza, elkarri ematea, besteen beharrei adi egotea... espazio kolektiboan bizitzen ditugu, eta biziz transmititzen. Haurrentzat, gertakari sozial bakoitza, helduen esperientziatik ikasteko parada da; adibidez festak prozesu hezitzailearen parte dira.

Margolaritza, sukaldaritza, irakurketa, idazketa, matematikak, baratzegintza, brikolagea, kantua, bertsolaritza, dantza, erritoak, mito, legenda eta ipuin kontaketak... haurren inguruko eguneroko praktika sozialak dira, ikasten eta bizitzen ditugu, eta ondorioz haurrek, nahi baldin badute, ikasten eta bizitzen dituzte. Biziz ikasten. Horrela bizitzak eta ikasketak bat egiten dute.

Beraz, Bizi Tokiko haurrentzat, hezkuntza ez da aparte den jarduera bat, banandutakoa, bereizitakoa, instituzionalizatutakoa.

 

Nahiz eta haurren beharrei gurasoek dieten arreta handiena ezarri behar, haurren hezkuntza herri edo auzo baten herritar guziek bermatzea litzateke interesgarriena: jendakiek (gurasoek, amatxik, aitatxik, ttanttak, ottok, arrebak eta anaiak...), auzokoek eta gainerateko herritarrek, haurrek, adinekoek eta zaharrek. Biziaren bukaera arte ikasketa prozesua ez denez inoiz gelditzen, ezagutzaren iturrian gehien edan dutenak zaharrak dira; horregatik bereziki jakintsuak dira eta gazteagoei gauza anitz transmititzeko badute.

 

Beraz jende guziak hezitzaile izan daitezke. Gure ustez, ez da irakasle izendaturiko pertsonaiarik eta hezitzaile deitutako lanbiderik beharrezkoa, hau da, jakintzaren hedapenean espezializatua den jenderik, ez eta ikasle izendaturiko haurrik ere. Gure iritziz, biziki onuragarria da ez egitea hezkuntzaz bereiz den espazio batean kokatzen den jarduera bat, biziki onuragarria klaserik ez egitea, haurrak eskolaren hormen artean egotera ez behartzea; bai ordea, haurrei, herritarren arteko harremanetan etengabe murgildurik egoteko parada ematea, sortzen diren unetik. Hau da, pentsatzen dugu beharrezkoa dela hezkuntza eskolarretik, instituzionalizatutik, hezkuntza herritarrera pasatzea, haurrak herriaren baitan heztea.

 

Amak lehenik, baina baita ere aitak edota beste heldu batzuek, beren gorputzaren kontaktuan ninia hainbat hilabetez soinean eramatea, sortu berriari eskaintzen ahal diogun egoera hoberena da, duela gutxi arte mundu osoan egiten zen bezala, eta oraindik ere munduko biztanle anitzek, pobreak deitutako herrietan bereziki, egiten duten bezala. Ninia soinean daramana, beste helduekin heldu jardueretan murgildua da, eta hilabete guzi horietan, niniaren zeregin nagusia, eramaten duen helduaren jokabideen, topaketen eta inguruaren behatzaile izatean datza, hau da, niniak, haren heldu jardueretan zentratua den helduarengan arreta ezartzen du, eta bizia nolakoa den ikasten du.

 

Ninia, hilabete batzuen buruan, behatzen dituen ekintzak bere gisara berregiten hasten da. Imitazio jokoa sortu da, ikasketarako oinarrizko tresna dena, funtsezkoa. Joko hauetan haurrak gauzak behin eta berriz errepikatzen ditu, eta horrela hauek zehazten eta finkatzen dira.

Urratsez urrats, umeak behaketatik parte hartzera pasatzen dira. Haur zaharragoak eta helduak imitatzeko joera hori nahita nahiez agertzen da. Hain zuzen, haurrek, beren ingurukoen jardueretan esku hartu eta ingurukoen interesak bizi nahi dituzte, haur zaharragoek eta helduek osatzen dugun taldearen kide izatearen nahikundea dutelako. Jarduera horiek taldea ezaugarritzen dutelarik, beraz balore sozial handia dutelarik, hauek erakargarriak bilakatzen dira haurrentzat.

Haurrek, esplorazio sena badute, munduaz ahal duten guzia ulertzeko nahikunde sutsua dute, eta mundu horretan pertsona handiek egiten ditugun gauzak gauzatzea. Ondorioz, haurrei, haur zaharragoek eta helduek burutzen ditugun jardueretan esku hartzeko aukera eman behar zaie, beren ahalen arabera. Jarduera guzi horiek ikasketetarantz sarbideak dira, eta ikasketa horiek iraunkorrak eta ongi barneratuak dira. Ikastea, une bakoitzean, egoera berriaren aitzinean, aitzineko esperientzia gogoan ukanik, une horri ahal bezain ongi egokitzea da, norberaren bizirautearentzat lehenik, plazerarentzat eta erosotasunarentzat ondoren : inguruan ditudan jendeen hizkuntza mintzatu, zenbatu, irakurri, idatzi, agurtu, gorputz kodeak erabili… Eta horretarako bereziki behar dudana, jakitate edo portaera jakin baten barne-barneko beharra da.

 

Heldua, adibidez aterbea (etxola) eraikitzen ari da. Gure ustez, aterbea ere eraiki nahi duen haurrari ez dio nola egin behar duen akademikoki irakatsi behar. Egurra eta tresnak eman behar dizkio, egiten duena erakutsi behar dio, jestu guziak, urrats guziak, eta urratsez urrats lagundu behar du, ikasketaren ibilbidean, biziarekin bat eginez, haurraren aurretik joan gabe, lehenagotik egindako metodologiarik eman gabe, bere ibilbidetik desbideratu gabe.

 

Konplexutasuna menperatzen ikasteko, usu hobe da konplexutasunean murgiltzea, urratsez urrats sinpletik konplikatura joatea baino.

Haurrarentzat, arlo intelektualean bere baitarik zerbait ulertzen lortzea, azalpena eskuratzea baino hobea da beti, bereziki, norberak, bakarrik ulertzea lortzen duenaz hobeki gogoratzen delako, eta bestalde, bere baitarik gauzak ulertzeko duen gaitasunean konfiantza hartzen duelako.

Haurrak eskatu ez duen borondate onez beteriko iritzia edo laguntza ahalegina, bere ikasketa kudeatzeko bere gaitasunetaz dudaraziko dute.

 

Haurrek, errealak eta berez zentzuz beteak diren gauza naturalengandik edo egindakoengandik (fabrikatuengandik), haiek ikasten laguntzeko egindakoengandik baino askoz gehiago ikasten dute; beste molde batez adieraziz, gure eguneroko bizian erabiltzen ditugun objektuez eta tresnez, haientzat egindako material hezitzaile berezi gehienaz baino interesatuagoak dira.

 

Ikasketa ez da irakaskuntzaren emaitza. Irakaskuntzak ez du ikasketa egiten. Ikasten dutenek dute ikasketa egiten, ikasketa sortzen, esperientziatik jakitatea sortzen.

Ikasten ari garelarik, ikasketa sortzen dugularik, zer egiten dugu? Behatzen (obserbatzen), entzuten, hunkitzen, sentitzen, erabiltzen (maneiatzen), neurtzen, kalkulatzen... dugu.

Gure buruari galderak pausatzen dizkiogu: “Zergatik hori?” edo “Zergatik horrela da?” edo “Gauza horrek eragin hori ote du?” edo “Zeren ondorioz hori gertatzen da?”… Eta teoriak, hipotesiak asmatzen ditugu, gure buruari ondokoa diogu: “Beharbada horregatik ote da?” edo “Hau egiten badut beharbada hori gertatuko da?”… Ondotik teoria edo hipotesia hauek probatzen ditugu, irakurriz, behaketa sakonagoaren bidez, esperientziak planifikatuz, guk baino gehiago dakiten pertsonei galderak pausatuz… Orduan, beharrez, gure teoriak moldatzen ditugu, edo baztertzen, eta prozedurak segitzen du. Haurrak, eguneko une bakoitzean, prozedura honekin etengabe lanean ari dira. Helduen bizian Metodo Zientifikoa deitzen diogu honi eta, hain zuzen, haurrek, sortzen direnetik erabiltzen dutena da.

Normalean, haurrak, ez dira prozedura honetaz, metodo honetaz, kontziente; ez dakite behatzen ari direla, teoriak egiten, probatzen eta berrikusten ari direla, eta harrituak eta nahasiak lirateke erraten bagenien. Haurrentzat, ikastea ez da gogozko (borondatezko) ekintza, ez dute “Orain hau edo hori ikasiko dut” pentsatzen. Haurrak beren ikasketez kontziente bilaka araztea, baliteke haiekiko egiten dugun huts pedagogiko handienetakoa izatea. Ikasketekiko kezkek dituzte haurren ikasketak itzaltzen.

 

Une egokia delarik, ikasketa oso bizkorra da. Ez da beharrezkoa adin tarteak finkatzea : une egokia, haurra gai batez oso interesatua den unea da. Bizkortasun hori, ortografia eta gramatika mailan nabarmena da, haurra prest dagoen unea itxaron dugularik. Haur jakin batek 11 urtetan aditz-jokoak landu ditu, adin horretan ortografiaren garrantzi sozialaz kontziente bilakatu delako. Ez ditu denboren izenak ezagutzen, baina haien ortografia ezagutzen du, eta hau da helduak beharrezkoa duen gaitasun soziala. Denbora sinpleen izenak ohizko hiztegiaren barne direnez, goiz ala berant eskuratuak izanen dira. Zortzi urteko haurrari orainaldian aditz bat jokatzea eskatzen zaiolarik, neurtzen den jakitatea « jokatu », « aditza » eta « orainaldia » izenak dira, eta ez egiazko jakitatea : zortzi urteko haurrak hitz egiten daki eta ondorioz jokatzen badaki.

 

Ikasketa informalean, ikasketa batzuk, adibidez irakurketarena, eskolarragoa den ibilbidean baino berantago egiten dira batzuetan, baina orduan ikasketa askoz bizkorragoa da.

 

Célestin Freineten « Gramatika lau orrialdetan » idazkia, hein batean gramatikaren ikasketa informalaren aldekoa da : « Molde onargarrian idazten nekien ; hori zela garrantzitsuena ongi sentitzen nuen, baita konplikazio gramatikal guziak bereziki asmakuntza eskolastikoak zirela, eta nik, 18 urte ukan arte maisuek eta eskuliburuek burua bete-bete egin zidaten horrek, kalte handiegirik gabe gramatikaren bederatzi hamarrenak ahanzten ahal banituen, gramatika, irakatsi zidaten moldean, bizitzeko ezinbestekoa ez zela erran nahi zuen, eta ordu arte segitutako bidea ikasleen beharrei ez zegokiela erran nahi zuen, ikasleei, bizian, terminologia bost axola zaielako. Idatziz eta irakurriz idazten eta irakurtzen ikasten da ».

 

Haur baten ikaskuntza prozesua beraz, bere inguruko baloreen, jakitateen eta praktiken berezko eskuratzea da, eskuratze naturala, informala.

Ikasketa informala, ekiteko molde kontzienterik eta espliziturik gabe egiten da, asimilazioz, behaketaz, imitazioz. Haurraren ingurumen aberatsean eta anitzean gauzatzen da, gurasoenean, gizartearenan eta muduarenan.

 

Irakurketa, idazketa eta matematikak, haurraren hurbilekoek egunerokotasunean praktikatzen badituzte, normalean haurrak molde oso naturalean ikasten ditu, irakaskuntzarik behar izan gabe. Denek, gure familiaren baitan, gure ama hizkuntza, berez, hau da inplizituki, ikasi dugu, gure moldean eta erritmoan, metodo eta pedagogia akademikorik gabe, soilik arretaz entzunez, ingurukoak imitatuz eta beharrezkoa izan zaigularik laguntza eskuratuz. Horrela ere ibiltzen ikasi dugu. Bada ez ote dugu arlo guzietan horrela ikasten ahal?

 

Erran gabe doa, haurrei, Bizi Tokin praktikatuak ez diren baina pertsonalki interesatzen zaien hainbat gauza ikasteko parada eskaintzen diegula ere, eta haurrek, espazio honetatik kanpo, beste toki eta jende ezberdin anitz ezagutzeko aukera dutela, beste hainbeste jakintza iturri direnak.

Bestalde, haurrek, momentu batean beren burua azterketa batetara aurkeztu nahi baldin badute, horretara prestatu behar dira, argi izanik kolektiboki heldu oro haur edo nerabe bati horretan laguntzeko gai dela. Haur batek azterketa bat gainditu nahi baldin badu, gaindituko du, motibazioa baduelako. Argi da ere diplomarik ez ukaitea ez dela baitezpada oztopo ogibide baten atzemateko.

 

Eskolari alternatiba bat eraikitzen dugun espazio kolektiboan, jakintzaren transmisioaren agertokiak eta dispositiboak, jakintzaren ekoizpenaren agertokiak eta dispositiboak dira ere. Espazio honetan kultura hedatzen da, baina baita ere sortzen. Bertan jakintza horizontala da, sare sozialeko puntu ezberdinetatik mota anitzetako egoeretan azaleratzen da, ezin da monopolizatu. Bakoitzak besteengandik ikasten du eta bakoitzak besteei irakasten die, denen ezagutzak amankomunean ezarriak dira, denek jakintzaren garapenean parte hartzen dute.

 

Eskola alternatiboa izatetik eskolari alternatiba izatera pasa den esperientzia interesgarria da Rebeca eta Mauricio Wildek Ekuadorren gauzatu dutena (bideo bat interneten ikus daiteke ondoko helbideetan: http:/vimeo.com/4211517 ; http:/vimeo.com/4211978 ; http:/vimeo.com/4351996).

 

● Pentsamolde kritikoa bizi

Gure pentsamoldea, etengabe xerkatzen dabilena, informazio iturri eta ikuspuntu anitzek elikatzen dute. Gure eguneroko ekintzak eta esperientziak bilakatzen eta berritzen dira.

 

● Bizitza pasionantea bizi

Jendarte kapitalistan dugun bizitzak ez gaitu asetzen. Egunero bizitza horren pobretzea nabaritzen dugu. Bizi Toki, bizitza pasionante bat helburu duen egitasmo orokorra da, hau da, momentu bakoitzean aberatsa den bizitza. Bizi Tokik, bizi poza du helburu.