2. Ibilmoldea

Bizi Tokiko ibilmolde arauak:

 

1. Bizi Tokin nagusiki euskaraz bizi nahi dugu. Horretarako, bertan, helduek eta haurrek euskara ikasten edo hobetzen dute.

 

2. Bizi Tokiko izaera orokorrarekin, hau da nagusiki bere baloreekin, ibilmolde arauekin eta oinarrizko hezkuntza printzipioekin, bat egiten duen oro (guraso izan ala ez) Bizi Tokiko kide izan daiteke. Balore, arau eta printzipio hauek bidea eginez moldatzen dira.

 

3. Bizi Toki, nagusiki bertako haurren gurasoek dute eraikitzen. Horrek, diru autonomia, erabaki autonomia eta gurasoen esku hartzea eskatzen ditu.

 

4. Helduak erregularki biltzarrean biltzen dira.

- Bizi Tokiko burujabetasuna biltzarrean datza. Nagusiki eztabaida gunea da. Bertan erabaki batzuk hartzen dira.

- Denak asetzen dituen adostasuna helburu duten eztabaiden ondotik datoz biltzarraren erabakiak. Adostasuna lortu ez bada bozkatzen dugu. Gutxienez bozkatzaileen %75ak proposamen baten alde egin behar du onartua izan dadin.

- Bi biltzarren artean, Bizi Tokiko kideek, denak hunkitzen dituzten erabakiak bakarka edo taldean har ditzakete, baina erabaki hauentzat biltzarrak atzera egiteko aukera ukan behar du.

 

5. Heldu bakoitzak Bizi Tokiko jardueren antolaketaren eta gauzapenaren ardura badu.

 

6. Bizi Tokiko helduek, pedagogiari eta haurren ikaspenen jarraipenari buruz elkarrekin gogoetatzen dute.

 

7. Bizi Tokiko jardueretan eta bizian, guraso anitzen eta guraso ez den pertsona anitzen esku hartzearen ondorioz, haurra ez da etengabe bere gurasoen begiradapean.

 

8. Bizi Tokiko kideen esperientziei eta ezagutzei balioa ematen diegu, eta baita inguruko pertsonenei ere. Pertsona hauek, Bizi Tokiko haurren hezkuntzan gurekin esku hartzera gomitatzen ditugu, baita bertako helduen ikasketetan ere.

 

9. Hiru urte arte gutxi gorabehera, hots, haurrak argiki hitz egiteko, bakarrik egoteko eta janzteko gai izan arte eta bere gorputzaren autonomia ukan arte, gutxienez gurasoetariko bat berekin Bizi Tokin egoten da. Gurasoek ezin badute, hau posible izan dadin Bizi Tokiko kideek irtenbide bat xerkatzen dute.

 

10. Eguneroko betebeharrak (adibidez garbiketa) gehienetan denek aldizka egiten dituzte.

 

11. Gurasoek, nahi edota ahal dutelarik haurrak Bizi Tokira eramaten dituzte. Hala ere, kontuan hartzen dute haurrek hainbat jarduera taldean burutzen dituztela eta beraz ez etortzeak haurraren eta taldearen gain ondorioak ukan ditzakeela.

 

12. Bakoitzaren lo beharrak errespetatzeko ahaleginak egiten ditugu, bereziki neguko jarduerak goizetan berantago hasiz. Isiltasunerako, isolatzeko edota atseden hartzeko norberak dituen beharrak errespetatuak dira, eta horretarako lekuak prest dira eta eguneko edozein momentutan eskuragarri.