4. Bizia taldean

Atal honen planoa:

 

4.1 Bortizkeriarik gabe komunikatzen ikasi

4.2 Norberaren sentimenduak eta emozioak adierazi

4.3 Jokabidea

4.4 Arriskuak

4.5 Sexualitatea

 

 

4.1 Bortizkeriarik gabe komunikatzen ikasi

Bortizkeriarik gabeko komunikazioa praktikan ezartzeko, bereziki Marshall Rosenbergen teoriaz eta esperientziaz inspiratzen gara. (Gehiago jakin).

 

4.2 Norberaren sentimenduak eta emozioak adierazi

Horra haurren sentimenduen eta emozioen adierazpenari buruzko ideia garrantzitsu batzuk:

 

● Haurraren sentimenduak eta jarrerak elkar lotuak dira.

 

● Haur bat kexu delarik edo sufritzen duelarik, sentitzen duenaren gainean hitzak ezartzen laguntzen ahal dugu, behar izan ezkero beharrezkoak dituen hitzak eskainiz, bere emozioak identifika eta aipa ditzan, nahi baldin badu. Identifikazio eta aipamen horrek lasaitzen dute.

 

● Aletha Solteren arabera, haurrak bere baitan atxikitako emozio ezkorrek, metatutako egonezin sentimenduek, gorputz tentsioak eragiten dizkiote; nigarrek tentsio hauek askatzea ahalbidetzen dute.

 

● Haurrek, beren sentimenduak onartzen ditugularik, pausatzen dizkiegun mugak errazkiago onartzen dituzte. Haur bati erraten ahal zaio adibidez: “Horman marrazteak plazer egiten dizula ikusten dut, baina guk nahiago dugu xuri egon dadin; marraz ezazu orri honetan otoi.”

 

● Garrantzitsua da haurrari ulertaraztea sentimendu guziak aizu direla, aldiz ekintza guziak ez. Adibidez haurrak beste batekiko duen haserrea adieraz dezake, aldiz ez du beste haurra jotzen ahal.

 

● Nahi duena hitzez adieraztera eta osoki gauzatzera haurra bultzatzea merezi du, nahi duenaren arriskuaren hartzera. Hala ere, bere nahi guziak ez dira egingarriak. Gaur egingarriak ez direnak beharbada egun batez egingarriak izango direla adierazi behar zaio.

Bere asmaketak, errealitatetik kanpokoak, hitzez adieraztera bultzatzea merezi du ere, irudimen mailakoa denaren eta errealitate mailakoa denaren arteko ezberdintasuna ikus dezan.

Azkenik, bere gogoeta, nahi eta asmo txarrak hitzez adieraztera bultzatzea merezi du ere, ekintza agresiboetara pasatzea saihesteko; gainera, errazago izanen da bere irudimenaz deskulpabilizatzea, kaltegarria izan den ekintza batetaz deskulpabilizatzea baino.

 

4.3 Jokabidea

Horra haurren jokabideari buruz garrantzitsuak iduritzen zaizkigun ideia batzuk:

 

● Onesten ez ditugun jarrerak saihesteko, lehentasuna prebentzioari eman.

 

● Haurra ez baldin bada balore batzuetarako prest, ez behartu hauek bere egitera. Aldiz, beste balore batzuk, helduek lege bezala finkatuak dituzte eta idatziak dira.

Alabaina, ikaskuntza prozesua, ingurumeneko baloreen berezko eskuratzea (eskuratze naturala) da.

 

● Denen artean bizi-arau gehienak finkatu eta auto-diziplina garatu. Arau hauek ez dira higiezinak, baina aplikatuak edo aldatuak izateko beti taldean eztabaidatu eta onartu. Arau batzuk ordea, helduen biltzarrak finkatu behar ditu eta barne arautegian idatziak izan behar dira. Azken arau hauek afitxatu.

Horrela, haurra, aitzinetik neurtu dituen eta gehienetan onartu dituen muga batzuen barnean aske da.

 

● Eztabaida kolektiboaren bitartez egoerak hobetzen entseatu asteroko bilkuretan. Eragindako kaltea konpontzea (ahal delarik) eskatu, desegindakoa berregitea. Konponketa hauek taldean erabaki behar dira eta hunkiak diren haurrengandik onartuak izan behar dira.

Batzuetan, adibidez norbaitek zerbait hautsi badu, gure haserrea adierazten ahal dugu soilik, arduraduna bilatu gabe, etorkizunean halakorik ez berriz gertatzeko nahikoa izango dela pentsatuz.

Kasu guzietan, gatazkak irabazle-irabazle aterabideen bidez konpontzen entseatu, denen beharrei erantzuten dieten aterabideak elkarrekin bilatuz.

 

● Onesten ez dugun ekintza egin badu haur batek, egindakoarekin ez identifikatu: adibidez gauza gaixtoa egitea ez da gaixto izatea; haurra ez errudun sendiaraztea ahalegindu.

Huts bat egin duen haurrak, hutsaren konponketa beri ekarritako laguntza bezala sentitu behar du. Ber unean, guretzat pertsona garrantzitsua izaten segitzen duela sentitu behar du. Hutsaren konponketak haurraren erruduntasun sentimenduaren erabateko desagerpena eragitea helburu ukan behar du, sentimendu hau norbere buruaren eta biziaren baitan konfiantza eskasa ukaitearen eta depresioaren eragile baita. Konponketa hau berehala eginarazi eta ez epe luze baten buruan, bestenez anartean erruduntasun sentimendua mantentzen da, kontzientzia askatu beharrean.

Horrela, erruduntasuna, konfiantzaz betetako ekintzetarako indar berriak garatzeko aukera da, edo izan behar litzateke.

 

● Ahaleginak egin ez oihu egiteko haurrak jarrera trabagarria duelarik. Beharrezkoa bada, gelatik atera behar gara, haurrari ateratzea eskatu behar diogu edo beste gela batetara eraman behar dugu, bortizkeriarik gabe. Jarrera horren aitzinean ez amore eman; aldiz, jarrera aldatu eta normaltasunera itzuli den unetik, berehala eta erabat ahantzi.

 

● Haur txiki batek beste bat ausikitzen duelarik edo adibidez erorrarazten duelarik, harreman bizitza esperimentatzen da. Ez erran gertatzen dena ongi edo gaizki dela; gertakariak izendatu, erran nahi baita, izan diren gertakari atseginak edo desatseginak hitzekin adierazten entseatu, Françoise Doltok aholkatzen zuen bezala. Jarrera hauen zentzuaren gainean hitz zuzenak ezartzeak, ontsalaz jarrera hauek desagerrarazten ditu.

Usu, haur bat beste bat erasotzen ikusten dugularik, beste haurrak duen objektua hartu nahi duelako edo objektu horretaz interesatua delako da. Gauzak hola, heldu batek haurrari “Egin duzunarekin ez nator bat, baina nahi duzunarekin bat nator” erran diezaioke. Jarreran, dena mintzaira da. Hain zuzen, haur gazteek lehentasuna hitzik gabeko komunikazioari ematen diote.

Haur txikiaren beste haurrekiko agresibitate sanoak, hau da, minik egin gabe erasotzeak, haiekin kontaktuan sartzeko nahiarekin zerikusia du, eta ez gaixtoa izatearekin. Parean duenaren indarrari nork bere indarra egokitzen erakastea da helduaren funtzioa. Haur bat fisikoki sobera azkarki erasotua izan delarik, gaizki egina izan den egokitzea da, baina ekintza bera ez da ez ongi, ez gaizki.

Bestalde, izaera bortitza duen haurrak, bortizkeria hori jolasaren bidez kanporatzeko aukera izan behar du.

Alabaina, irain, manipulazio, bortizkeria fisiko, bazterketa edo humiliazioen lekuko baldin bagara, jarrera hauen jatorria, hau da, usu gordeak diren zergatiak, atzemateko eta agresibitatea bideratzeko ahaleginak egin, beti ere ekintza hauek debekatuz, eta erasotua babestuz bere baitarik ez baldin badu defenditzen lortzen.

 

● Haurraren interesa zertan datza atzemateko ahaleginak egin eta asetzen lagundu, zeren aseak ez diren nahiak bizirik egon daitezke inkontzientean, eta hasieran ziren bezala edo itxura sinbolikoan atera daitezke berantago. Sermoiak eta zigorrak, ez dira gaitzesten dugun jokabidearen arduraduna den zergati inkontzientera heltzen.

 

● Aletha Solteren arabera, metatutako oinazeen, emozio askatze eskasaren eta bortizkeria ereduaren (zuzenki esperimentatutakoa edo behatutakoa) konbinaziotik dator jarrera bortitza.

 

● Berea dena ez partekatzeko eskubidea du haurrak. Aldiz, gure eskuzabaltasun adibideak eman behar dizkiogu etengabe. Haurra beti eskuzabala izatera behartzen baldin bada, beharbada ez da sekula hala izango.

 

● Haurra material bat erabiltzen ari baldin bada, material hori erabili nahi duten beste haurrek honek bukatu arte itxaron behar dute.

 

● Heldu batek haurrak zerbait egitea nahi duelarik, bere eskaeraren benetako arrazoiak azaldu behar dizkio, eta haren partaidetza edota laguntza eskatu behar dio.

Onartuak diren gauzei erkatuz gutxi izan behar dira debekatuak direnak. Galarazia zaion guzia zuhurtasunagatik debekatua zaiola adierazi. Haurrak, lehenbailehen, helduen inolako esku-hartzerik gabe, zuhurtasunez jokatzen lortu behar du, erran nahi baita, bere limite propioetaz ohartzea lortu behar duela. Limite hauek bere heldutasunaren arabera bilakatzen dira.

 

● Haurrek gauzak eskatzen dizkigutelarik erabiltzen dituzten erran moldeekiko (doinua, manera) adi egon, baina manerak ez beharretsi edo eskatu (otoi, milesker, egun on...). Guaurek, agintera soilik salbuespen gisa erabil.

 

● Haurrak beren artean parekatzea eta haur bati beste haur bat eredutzat ematea saihestu.

 

● Haurrak nahi duena eta nahi duen erritmoan jateko askatasuna du, baina usaian, jateko prestatu duguna jaten ez duelarik, ez prestatu beste janaririk. Haurrari, elikatzen garen moduari buruzko azalpenak eman.

Haurrak, beren platerean bakarrik zerbitzatzera bultzatu, baita edaria bakarrik hartzera. Ahal delarik, ez da janaririk galtzen edo botatzen.

 

● Haurrari gauzak biltzen erakatsi: gauzak bildu haurrari laguntza eskatuz.

 

● Haurrak zigorrik eta saririk gabe hezten entseatu. Sari gehiegi emateak, saririk edo goresmenik gabeko jardueretatik plazer gutxi edo batere lortzen duten haurrak ematea arriskatzen du. Zerbait egiten da egite horrek berak ematen duenarentzat, ez goresmenarentzat. Gainera, goresmen sistematikoek haurrari pentsaraz diezaiokete bere jokabidea ez zela espero.

 

4.4 Arriskuak

Haurrak hainbat arriskurengandik babesten ditugu eta arrisku horiek menperatzen erakasten diegu: argindar ahoak, erretegiak, erortzeak, itotzeak, hoztea, eguzki kolpea, intsolazioa, erretzea, moztea, zauritzea, ziztatzea, abereen ausikitzeak...

 

Bere neurriko eguneroko arriskuei libreki aurre egiten uzten baldin badiogu (arrisku hauek ez direla sobera lanjerosak segurtatuz), haurrak segurtasun sentimendua lortzen du. Arrisku hauek gainditzeko indar berezia egin behar du eta lortzeak garaipen sentimendua eragiten dio.

 

Gauzak hola, helduek, haurrek berek kudeatzen ahal dituzten eguneroko arriskuengandik ez babesteko ahaleginak egin behar ditugu. Izan ere, haurrari sentiarazten badiogu guk dugula bere babesa bermatzen, egiten utziko digu eta bere burua zaintzearen ardura ez du beregain hartuko.

 

4.5 Sexualitatea

Ongi bizitako sexualitateak bizian plazer handiak eskaintzen dituenez, eta gaizki bizitako sexualitatea jarrera ezkor anitzen jatorrian denez, haurren sexualitatea ez erreprimitzea komeni da, A. S. Neillek aholkatzen zuen bezala.

Beraz, haurrek sexualitatearekiko duten interesa ez da gaitzetsi, zigortu edo debekatu behar. Hasteko, haur txikiak bere sexua deskubritzen duelarik eta hunkitzeari ekiten diolarik, ez da haurraren arreta beste objektu baterantz desbideratu behar. Ber gauza masturbazioarentzat, baina ekintza hau eta sexualitatearen beste hainbat ekintza maila pribatura mugatu behar dira.