5. Pedagogia

Atal honen planoa:

 

Sar hitza

5.1 Laguntza pertsonalizatua

5.2 Autonomia

5.3 Akatsen ulertzea Olivier Houdéren arabera

5.4 Zaila denaren lorpena Aletha Solteren arabera

5.5 Ikasketa metodoak Antoine de La Garanderieren arabera

5.6 Ikasketa egoerak, ebaluaketa eta ikasketa sekuentziak Philippe Meirieuren arabera

5.7 Kontzeptu eraikitzearen ikasketa Britt-Mari Barthen arabera

 

 

Sar hitza

Pedagogiaren gaia teoria mailan sakondu nahi dutenek, Bizi Tokiko kide batzuek egindako irakurketa espezializatuetatik etorritako idazki konplexuago batzuetara daramaten loturak (“Gehiago jakin”) atzemanen dituzte atal honetan.

 

Jakitatea eskuratzeko haur bakoitzari egokitutako baldintzak sortzen entseatzeko, beren adimenaren garapenaren bidez argiagoak eta beraz askeagoak bilaka daitezen eta mundua ulertzen laguntzeko tresnak ukan ditzaten, ikasketa egoera ezberdin anitz gauzatu behar da.

 

Haurraren abiapundua eta euskarria, ikasketaren giltza, motibazioa da; horretarako, finkatzen dituen helburuak egingarri bilakarazi behar dira.

Horretarako, ikasketarako, haurra interesatzeko bitartekoa xerkatu behar da beti, haurrari orainaldirako zentzua duten jarduerak burutzeko aukera emanez bereziki, erran nahi baita, denboraren bere nozioarekin lotua den helburua duten jarduerak.

Baina haurra interesatzeko, heldua bera interesatua izan behar da, eta helduak jakitatearekin duen lotura berezkoa izan behar da: ez jakintasun baten aitortza, haztamu une baten aitortza...

 

5.1 Laguntza pertsonalizatua

Haur bakoitzak bere ikasteko moldea du, bere irudikapenetatik abiatzen dena, dakienetik, bere beharretatik.

Adibidez hirukia ulertzeko, pertsona batzuek ikusi behar dute. Beste batzuek hitzez adierazi behar dute. Beste batzuek oraino, zinez ulertzeko, aixturrekin moztu behar dute; hain zuzen, eskukatzetik (manipulaziotik) pasatzea, abstrakziora heltzeko posible diren bideetariko bat da ere.

Horretarako, haurrei, gauza baten ikasteko, ahalaz bide ezberdinak proposatu behar zaizkie, haur batentzat balio duen bidea ez baita baitezpada hain eraginkorra beste batentzat.

Bestalde, haur bakoitzak bere ikaskuntza erritmoa badu.

Beraz, funtsezkoa da bakoitzaren berezitasunak aintzat hartzea, hasteko haurra ulertzea xerkatzen duenak eta haurraren izaeratik abiatzen denak baitu egiazko hezkuntza eragina gauzatzen.

Horretarako, haurrarentzako ikasketa egitasmoa pertsonalizatu behar da, bere beharrei, ahalei eta nahiei ikasketa oro ahal bezainbat egokituz; baita ahalmen urriko haurrentzat ere.

 

Gauzak hola, haur bakoitzarekin, egun batentzako, aste batentzako edo hilabete batentzako (edo gehiago) jarduera egitasmo (plan) pertsonala egin behar da. Egitasmo honen helburu bakoitzarentzat, haurrak lehenago lortutako maila, honen arabera hartutako engaiamenduak eta ebaluaketa zehaztu behar dira.

Haurra, ikasketan duen aitzinamendu egoera, bere aitzineko aitzinamendu egoerarekin erkatzera bultzatu behar da, bere kideenarekin baino.

 

5.2 Autonomia

Horra haurren autonomia garatzeko funtsezkoak iruditzen zaizkigun ideia zenbait:

 

● Haurrek, jakitatearen interesa kendu ez badiegu, berez ikasi nahi dute, jakitate landuagotarantz jotzera bultzatzen dituen jakintza egarria dute.

 

● Prestatutako ingurumenak, haurra helduarengandik ahal bezainbat independentea bilakatzea ahalbidetu behar du, erran nahi baita jarduera autonomoa burutzea ahalbidetu behar diola. Horretarako, eremu ezberdinak proposatu, bakoitza arlo zehatz bati zuzendua, ahal bezain anitza eta aberatsa den ikasketa material hautuarekin, eta estetika kontutan hartzen duen disposizio batekin (ingurumen atsegina).

 

● Haurraren ikasketa libreak lagundu. Ahal bezain diskretu egin behar gara, gehienetan haurrarengana hurbilduz soilik berak eskatzen duelarik.

Hutsaren kontrola material pedagogikoan berean aurkitu behar da usu.

 

● Hainbat altzari haurren izarikoak izatea komeni da, horrela, mugitzen ahal dituzte. Autonomia osoan beren ingurumenaren gain eragitea ohitzen ditu horrek.

 

● Haurrek beren iritzia eraikitzeko gaitasuna garatu. Haurrak, guk ez bezala pentsatzeko eta sentitzeko askatasuna nabaritu behar du. Bere kontzientzia kritikoa garatzen lagundu gazte gaztetik, bere iritzi pertsonalaren arabera pentsatzera bultzatuz, eta ez maite duen edo miresten duen pertsonak bezala.

 

● Proposatutako jarduera ugariren artean hautatzen utzi haurrei, behartzeak interesa eta beraz motibazioa itotzen baititu anitzetan. Haurrak, berak eskatu eta nahi duena entzutea eta egitea nahiago du, helduak bezala. Bizi Tokin, haurrek ez dute nahi duten guzia egiten, baina egiten duten guzia egin nahi dute.

Beraz, haurraren eta helduaren nahikarien (borondateen) topaketa xerkatu.

 

Hitza ahal bezainbat haurrari eman, banakako edo taldeko ekimen ahal bezain zabala bere esku utziz. Horrela, haurra, lagundutako auto-trebakuntza egoeran dago.

 

Britt-Mari Barthek ohartarazten duen bezala, haurrak edo nerabeak, bere ekimenez burututako ekintzan, lortu nahi duenaz ideia badu; abiatzean asmo bat badu eta usaian bezala lortzea pentsatzen du, ez du horretaz duda izpirik. Bere helburuaren arabera beharrezkoa duen «informazioa» hautatzen du. Erreferentzia-puntua badu: bere ekintzaz igurikatutako emaitza. Huts egiten badu ohartuko da, aurreikusitako emaitza baten beha baita. Beraz bide ugari arakatuko du, gelditu gabe berriz hasiko da. Zailtasunak akuilatuko du, eta ez gogogabetuko. Argibide gehigarriaren beharra baldin badu, zein galderak pausa jakinen du. Ez dugu bortxatzen eskura ez dezakeen informazioa erabiltzea, beretzat zentzua duena atxikitzen du. Bere pentsaketa berezkoa da, ekintzari eta helburuari lotua. Bere helburua argi da beretzat, eta orokorki eskuragarria, bestenez ez luke ezta ere helburu horren ideia sortuko. Helburu hori, lehenagoko esperientzietan oinarritzen da, jada dakienean.

 

● Haurrei behin eta berriz ariketa bera hasten utzi, ikaskuntzan aitzinamenduaren sekretua errepikapenean baitatza ere, eta errepikapena plazer iturri baita.

 

● Haurrei, elgar errespetatzen baldin badira, beren baitarik beren arazoak konpontzen utzi. Lortzen ez badute, lagundu.

 

● Haurrek galderak pausatzen dituztelarik, lehenik erantzunak beren baitarik arakatzen utzi behar dira.

 

5.3 Akatsen ulertzea Olivier Houdéren arabera

Jarduera batetan huts egiten duten haurrak, landutako nozioan ezgaituak direla ondorioztatzen dugu zuzengabeki batzuetan, Olivier Houdék dion bezala. Izan ere, nozioaren jabe izan daitezke, baina ulertu beharko ditugun bestelako arrazoiengatik huts egiten ahal dute; hau da, «akatsaren logika» aurkitu behar dugu. (Gehiago jakin).

 

5.4 Zaila denaren lorpena Aletha Solteren arabera

Haurrak bere baitarik egin dezakeen edo egiten ikas dezakeen zerbait bere ordez egiten dugun aldi guziz, eginkizun zaila egiten lortu izanak sortzen duen betetasun sentimendua nabaritzea eragozten diogu. Ezgai dela ulertarazten diogu.

Zerbait egiteko ahaleginak egiten dituelarik gero eta frustratuagoa den haurrak, nigar egiten du batzutan edo kesu da. Helduek lagun dezakete, ez eginez egitea lortzen ez duena, baina nigar egitea ahalbidetuz eta arreta emanez. Ongi nigar egina izanen duelarik, lasaiago izanen delarik, arestian egiten lortzen ez zuena beharbada bat batean gai izanen da egiteko. Lehenik bere frustrazioa adierazteko beharra badu, honek tentsioak eragiten dituelako askatzea ahalbidetzen dizkiogun arte.

Haur batek frustrazio keinuak erakusteak, bere betekizuna burutzeko oso motibatua dela adierazten du.

Halaere, haurra ez laguntzea batzutan kaltegarria izan daiteke. Betekizuna zailegi delako sobera etsitzen bada, erabat utz dezake. Hain zuzen, pertsonari lortzea ahalbidetuz, posible dela konbentzitzen ahal da. Beraz, bakoitzak zerbait lortzeko gisan antolatu behar da irakaskuntza. Porrotaren sentimendua buruan kokatzen delarik, norberak bere baitarik gauza negatiboak itxaroten ditu eta zaila da joera hori aldatzea. Gauza negatibo hauek, ahalmen intelektualak oztopatuz, nahikoak dira ikasketa oztopatzeko.

Haurra ongi ezagutzen duen eta haren deiak nabaritzen dituen helduak, baliteke gai izatea jakiteko noiz laguntza behar duen eta noiz ez.

Azkenik, haurrarentzat zaila den jarduera « erraza » dela erraten diogularik, haurra sustatzen dugula uste dugu sarri. Alta, horrela ez dugu laguntzen. Lortzen badu, lorpen handia ez dela pentsa dezake. Lortzen ez badu, gauza erraza egitea ez da gai izan.

 

5.5 Ikasketa metodoak Antoine de La Garanderieren arabera

Antoine de La Garanderieren arabera, pertsona orok ikasketarako norberaren bide (prozedura) mentalak baditu. Jendeak ez dira ohitura mental hauetaz ohartzen, horren kontzientzia hartzera eramanak ez diren bitartean. Pertsona bakoitza ohitura metodologiko hauetaz kontzientzia hartzen laguntzea, pedagogikoki beharrezko da, hauen hobetzeko edota berri batzuen eskuratzeko. (Gehiago jakin).

 

5.6 Ikasketa egoerak, ebaluaketa eta ikasketa sekuentziak Philippe Meirieuren arabera

Philippe Meirieuren arabera, ikasketa eraginkorra izan dadin, ikasketa egoera eta sekuentzia ezberdinak gauzatzea beharrezkoa da, baita ebaluaketak gauzatzea ere. (Gehiago jakin).

 

5.7 Kontzeptu eraikitzearen ikasketa Britt-Mari Barthen arabera

Britt-Mari Barthen arabera, jakitate edo kontzeptu berri bat abstrakzio eta orokortze mailan eraikitzeko eta eskuratzeko, eragiketa mentalak burutu behar dira. Haurrak, gogoetatzeko molde hau argitaratzeko, trebatuagoa den norbaiten bitartekaritza behar du. Pertsona horrek, haurrari, molde hau jokoetan erabili izanagatik jada «ezagutzen» duela erakutsiko dio.(Gehiago jakin).