Kontzeptu eraikitzearen ikasketa Britt-Mari Barthen arabera

 

Britt-Mari Barthen arabera, jakitate edo kontzeptu berri bat abstrakzio eta orokortze mailan eraikitzeko eta eskuratzeko, eragiketa mentalak burutu behar dira. Haurrak, gogoetatzeko molde hau argitaratzeko, trebatuagoa den norbaiten bitartekaritza behar du. Pertsona horrek, haurrari, molde hau jokoetan erabili izanagatik jada «ezagutzen» duela erakutsiko dio.

 

Kontzeptu bat eskuratzeko, dagozkion funtsezko ezaugarriak ezagutzen eta nabarmentzen ikasten dugu. Kontzeptu hori izendatzen duen izenpean, funtsezko ezaugarri konbinazio berdina duten adibide guziak biltzen ditugu, zein izanda ere bestalde dituzten ezberdintasunak (funtsezkoak ez diren ezaugarriak).

Funtsezko ezaugarriak, objektua xedatzeko (zehazteko) erabilgarriak diren kalitateak dira. Funtsezkoak ez diren ezaugarriak, objektua deskribatzeko (eta ez xedatzeko) erabilgarriak diren kalitateak dira.

 

Kontzeptuaren nozioa, matematikako «multzo» nozioari beretzen (asimilatzen) ahal dugu.

Demagun A, laukien multzoa. Bertan, lau segmentu zuzen, luzaera berdinekoak eta lau angelu zuzen osatzen dituztenak, dituzten irudi hetsiak onartuak dira bakarrik. Hauek funtsezko ezaugarriak dira. Izaria, kolorea eta norabidea (orientazioa) ez dira aintzat hartzen. Hauek funtsezkoak ez diren ezaugarriak dira.

Kontzeptu bat beste batengandik ezberdintzen duena, ezaugarrien konbinazioa da.

Demagun B, erronboen multzoa. Ezberdintasuna A multzoarekiko: hemen ez dago «lau angelu zuzen osatzen dituztenak» ezaugarria, baizik eta «lau angelu osatzen dituztenak» ezaugarria.

Horra beste adibidea: «izen arrunten» multzoa. Hiru adibide baditu: landare, fruitu eta mahai. Iruña gehitzen badugu, «izenen» multzoa bilakatzen da. Konbinazioa aldatu da.

 

Kasik jakitate oro, edozein mailetakoa, horrela egituratua da. Adibidez hiztegia, eraikitzekoak diren kontzeptuak bezala lantzen ahal da.

Kontzeptua ezaugarri konbinazioa baldin bada, legea eta teorema kontzeptu konbinazioak dira, eta teoria lege konbinazioa da.

Ezaugarriak ere kontzeptuak izan daitezke, batzuetan konplexuak. Beraz, haur batek, oso ezagunak ez zaizkion ezaugarriz osatutako kontzeptua ikasi behar badu, ezaugarri hauek kontzeptu gisa erakasten hasi behar zaizkio.

Jendarte jakin batean, kontzeptu batzuen definizioa «ofizialki onartua» da. «Laukizuzena» eta «zenbaki bikoitia», sail horretako adibideak dira. Beste kontzeptu batzuen definizioa aldiz, kulturen edo norbanakoen arabera «dudatsuagoak» dira. Edertasuna eta zintzotasuna, sail horretako adibideak dira.

Loturazko kontzeptuak badira, beste elementu batekiko xeda (zehaztu) daitezkeenak soilik. Adibidez, «txiki» edo «handi» kontzeptuak, bakarrik neurketa batekiko edo erreferentzia gisa emandako objektu batekiko erranahia du. Horrela, ezin dugu «aurkako» kontzeptuaren adibide bat eman, baldin eta bi objektu edo ideia erlazioan emateak, beren ezaugarrietariko bati dagokionez kontrako egoeran ezartzen dituela erakusten ez badugu. Lehen, gero, aitzinean, erdian... bezalako denborazko eta espaziozko kontzeptuak, loturazko kontzeptuen adibideak dira.

 

Horra kontzeptu baten eratzeko eta eskuratzeko bide bat:

1. Kontzeptuaren lehen adibide positibo bat (edo bi batera) eman.

Adibide positiboek, kontzeptuaren funtsezko ezaugarri guziak badituzte.

Helburua: adibide positiboak behatzea, aldi guziz komunean dutena atzemateko.

2. Adibidea behatzeko denbora utzi bakoitzari.

Galdera baten ondotik, haurrari epea ematea garrantzitsua da. Pausa denbora hori luzatzen badugu eta haurraren erantzunaren ondotik bigarren pausa gehitzen badugu, haurrak bere lehen erantzuna hobetzen eta zehazten du.

3. Haurren oharrak pixkanaka idatzi.

4. Lehen kontra-adibideak edo adibide negatiboak aurkeztu.

Adibide negatiboek kontzeptuaren funtsezko ezaugarri batzuk ukan ditzakete, baina inoiz ez denak.

Funtsezko ezaugarri bakoitzarentzat kontra-adibide baten erabiltzeak, haurra ezaugarri hauek zein diren pixkanaka ikustea laguntzen du, kontra-adibideak dakarren «kontrastea» ikerraraziz.

Adibideen egitekoa (zeregina), haurra funtsezko ezaugarrien eta funtsezkoak ez diren ezaugarrien artean ezberdintasuna egiten laguntzea da.

5. Haurrei adibideak erkatzea eska.

Haurren arteko argumentazioa bultzatu, «gatazka mentala».

6. Lehen urrats batean, haurren proposamen guziak arbelean idatz; ondotik, funtsezko ezaugarriak direlakoan atxikitzea erabakitzen ditugun konstanteak azpimarratu eta gogoratu.

Euskarri honek (arbelak), oroimena ez gehiegi kargatzea ahalbidetzen du, eta baliozko ezaugarri bezala atxikiak izan ez diren proposamenen aztarna atxikitzea posible egiten du. Ahanzteagatik huts berdinak ez berregitea ahalbidetzen du horrela.

Eragiketa mentalak ikustea eta haurrak hauetaz kontziente bilakaraztea posible bihurtzen du bide (prozedura) honek.

7. Beste adibide batzuk aurkeztu.

Lehen adibide positiboak sinpleak izan behar dira. Hasieran beraz, funtsezkoak ez diren ezaugarriak ahal bezain bat saihestu.

Adibide ugari behar dira, mota askotakoak, zeinen funtsezkoak ez diren ezaugarriak aldatzen diren. Bestenez, haurrak, behin eta berriz agertzen diren funtsezkoak ez diren ezaugarriak konstantetzat hartuko ditu, eta ondorioz, funtsezko ezaugarriak funtsezkoak ez diren ezaugarriekin nahasiko ditu.

Ondotik zailtasuna igotzen dugu, funtsezkoak ez diren ezaugarrien kopurua igoz bereziki, adibide positiboengandik oso hurbil diren adibide negatiboetaraino.

8. Gehiago baliozkoa ez den behaketa oro arbeletik ezabatu.

9. Eskas diren ezaugarrien gain arreta bideratzen duten galdera argigarriak pausa.

 

Bi kontzeptu aurkakotasunean ikertzen ahal dira ere, bakoitzaren adibideak aurkeztuz, bereziki usu nahasten diren kontzeptuentzat, adibidez «masa» eta «pisua».

 

Ondotik, gogoetaren bidez, haurra kontzeptuaren eskuratzeko erabilitako bide mentalaz ohartarazi behar da, hain zuzen, helduak bideraturik (gidaturik) inkontzienteki gauzatu berri duen bideaz.

 

Gero, haurrak, jakitateen eskuratze autonomoa arlo guzietan posible bihurtzeko, eragiketa intelektual horien transferentzia egiten ikasi behar du.

 

Azkenik, ikasketa egiazki osoa denez egiaztatu behar da, baita berriki ikasitakoa beste egoera batetara transferitzen ahal denez. Eragin bat epe luzera ebaluatu nahi bada, hobe, ebaluaketarako, itxarotea edo denbora bat igarota berregitea.

Haurrak kontzeptu bat eskuratu (ikasi) du gai baldin bada:

1. lehenago inoiz topatu ez dituen kontzeptu honen adibide positiboak eta negatiboak ezberdintzea;

2. ezberdintze hori justifikatzea, eta ondorioz kontzeptuaren funtsezko ezaugarri guziak izendatzea (=definizioa);

3. kontzeptua izendatzea eta izen hori kontzeptu horren ezaugarriei lotzea;

4. kontzeptuaren adibide berriak sortzea eta justifikatzea;

5. adibideak beste egoera batean aurkitzea (lokalizatzea) edo kontzeptua beste egoera batean erabiltzea (edukiaren transferentzia da);

6. kontzeptu eraikitzearen bidea (prozedura) egoera berrian berrerabiltzea (prozeduraren transferentzia da).

 

Atal hau bukatuko dugu zehaztuz kontzeptu batzuk beren agerpenaren baldintza historikoak zehaztuz aipatzea interesgarria dela, zergatik eta nola sortuak izan diren erakusten entseatuz, baita zein erresistentziei aurre egin behar izan dieten.

Itzuli