Ikasketa egoerak, ebaluaketa eta ikasketa sekuentziak Philippe Meirieuren arabera

 

● Haurrak askatasunez ikasitakoaz gain, hiru ikasketa egoera mota gauzatzea interesgarria da, lau helburu maila lortzeko:

a) «Behartutako» egoera kolektiboak: haur talde bati, bakoitzak eskuratu behar dituen ezagutzak aurkeztu.

b) Bakarkako egoera: haur bakoitzaren eta jarduera egitarau baten artean elkarrizketa sortu. Jarduera egitarauak haurra galdekatzen du, bideratzen du, eta bere erritmoan, eskurarazi nahi diogun helbururantz eramaten du.

c) Egoera elkarreragilea (interaktiboa): haurrek jarduerak taldeka burutzen dituzte, baina ebaluaketa norberak ikasitakoaren gain burutu behar da; kide bakoitzaren esku hartzea beharrezkoa bilakarazi behar da, betekizunak (eginbeharrak) itzularaziz edo bakoitzak argibideen zati bat bakarrik baduelako eta egitasmoak argibide hauen sintesia eskatzen duelako.

Lau helburu mailak:

1. Nagusiki haurren arreta biltzea duen helburua: helburu hau, «behartutako» egoera kolektiboaren bidez lortua da bereziki.

2. Nagusiki menperatzea duen helburua: adibidez teorema baten menperatzea. Hemen, helburua jakitatea eraikitzea da. Helburu hau, egoera elkarreragilearen bidez lortua da bereziki.

3. Nagusiki transferentzia egitea duen helburua: adibidez, teorema bat problema orokorragoan erabiltzea. Helburu hau, bakarkako egoeraren bidez lortua da bereziki.

4. Nagusiki adierazpena duen helburua: gaitasuna edozein egoeratan erabiltzea.

 

● Ikasketa abiatu aitzin, ebaluaketa diagnostikoa burutu behar da, haur bakoitzaren eskuartekoak (baliabideak) eta beharrak zerrendatuz. Adibidez, hitza hartzeko gaitasun ona (eskuartekoa) duen baina kultura literario eskasa (beharra) duen haurrari, eleberri bati buruzko aurkezpen bat egitea proposatzen ahal zaio, bere interes guneak aintzat hartuz. Edo istorioak eraikitzeko irudimen erraztasuna duen, baina ortografian zailtasunak dituen haurrari, egunkari bat idaztea proposatzen ahal diogu.

Ondotik, ikasketan zehar, haurraren aitzinamendua oztopatzen duten puntuez edo haurra zailtasunetan ezartzen duten egoerez ohartzeko, beste ebaluaketa bat egin behar da.

Ikasketaren bukaeran, ikasitakoa neurtzeko azken ebaluaketa egin behar da.

 

● Bestalde, ikasketa sekuentzia batzuk lau urratsez burutzea komeni da:

1) Aurkikuntza urratsa, haur talde osoarentzat: helburua, ikerketa gaiarekiko interesa piztea da, kontzeptua azaleratzea da. Haurrak, aztergaia aitzineko ezagutza batekin lotzea lortu behar luke, baita jada dakiena zertan luzatzen eta gainditzen duen ulertzea.

2) Integrazio urratsa, ezagutzaz jabetzeko, haurrei hautatzen dituzten ibilbide ezberdinak proposatuz.

3) Ebaluaketa urratsa: hautatutako bidea eta heldutako jomuga aurrez aurre jartzea da zinez hezitzailea. Eskasiak zehazten ditugu.

4) Zuzenketa urratsa: oztopoak edo zailtasunak gainditzeko ariketa ezberdinak proposatzen ditugu. Haurrak, zehaztutako beharren araberako taldeetan bana ditzakegu adibidez. Ebaluaketa positiboa ukan duten haurrek, laguntza ekar diezaiekete horren beharra dutenei.

Itzuli