Psikomotrizitatearen gaia teoria mailan sakondu nahi dutenek, Bizi Tokiko kide batzuek egindako Bernard Aucouturieren “La méthode Aucouturier” liburuaren irakurketatik etorritako ideiak ondoko idazkian atzemanen dituzte.

 

Psikomotrizitate jarduera hezitzailea eta prebentiboa Bernard Aucouturieren arabera

 

Zutik egoten lortu baino lehen

3-4 hilabetetik zutik egoten lortu arte, ondokoa bermatzea ahalbidetzen duen dispositibo espaziala behar da: mugimenduaren askatasuna, segurtamen osoan eremu bertikala konkistatzea (heldu eta zutitu ahal izateko barra bertikalak eta horizontalak), ekintzaren eta eraldaketaren plazerra (horretarako, sinplea, urria, erraza hartzekoa, hausikitzekoa, jaurtitzekoa den materiala aurreikusi: eraztunak, kuxinak, ahokatzen diren basoak, barnera sartzeko ontzi handia, gordetzeko oihalak…).

Nahiz eta haurrak autonomoak izan, haien artean heldu bat egotea garrantzitsua da, haurren segurtamen afektiboa bermatzeko eta haiekin komunikatzeko.

 

Psikomotrizitate jarduera hezitzailea eta prebentiboa

Psikomotrizitate jarduera hezitzailea eta prebentiboa, « jardutearen plazerratik gogoetaren plazerrera » haurraren pasatzea errazten duen heltze ibilbidea bezala pentsatua da.

 

1) Gorputzaren galtzearen estualdi arkaikoak eta segurtasun jokoak

● Sortzen den unetik, niniak erorketaren beldurra du, umontzian zuen sostenguaren galtzeari lotua, baita hutsera amiltzen duen grabitateari lotua ere. Ondorioz, niniak ongi sostengatua eta inguratua sentitzearen beharra badu.

● Lehen hiru edo lau hilabeteetan, niniak soilik likidoak xurgatzen eta botatzen ditu : hortakotz niniari, ongi osatutako gerizaren barnean gai (elementu) isurkor horiek atxikitzen ez baditu, bere barne gaiaren (substantziaren) etengabeko isurtzeak deuseztatzen duela iruditzen ahal zaio.

● Leherketa estualdiak : norbera lehertzearen beldurraz eta leher egin dezakeen guziaren beldurraz adierazten dena. Amarengandik kasu egin gabe bereizketa egiterakoan, larrutze eta mozketa (anputazio) estualdiak existitzen dira ere.

● Gorputza bi zatitan moztua izatearen haurraren beldurra : ninia artatua delarik bere gorputzaren alde batek besteak baino arta gehiago ukatetik, plazer gehiagoz sariztatua izatetik, datorrena. Hortakotz, niniak ongi ezberdinduak diren bi erdiren sentsasioa du : « ama edo aita erdia » eta « nini erdia », batasunean bilduak izanen direnak eta elkarrekiko menpekotasunean ibiltzen ahalko direnak. Haur autistarentzat, « bi erdien arteko bat egitea » egin ez balitz bezala gertatzen da.

● Estualdi arkaiko hauek etorkizuneko estualdien oinarria osatzen dute. Adibidez, erorketaren estualdia ez ote da ere afektiboki utzia izatearen beldurra, abandonatua izatearena ? Amarengandik bereizketa molde mingarrian bizitzen duten haurrak erorketarekiko ikaratuak dira beti. Era berean, zikiratze estualdia, gorputzaren anputazio eta zatitzearen estualdiari lotua da. Orokorkiago, bere baitan gaizki den norbaiten estualdi existentziala guzia, estualdi arkaiko gunean errotua litzateke.

● Zailtasunetan diren haurrek edo norberaren irudikapen arazoak dituztenek, beren gain behar bezain bat hartzen ahal ez duten estualdi arkaiko maila erakusten dute, eta ezin dute, ekintzen eta segurtasun jokoen plazerraz, estualdi maila horrekiko sinbolikoki segurtatu. Hain zuzen ere, motrizitatea, estualdien aurka segurtatzeko bitartekoa da. Beste gisara errateko, beren estualdi arkaikoak beren gain behar bezain bat hartzen eta beren segurtatze sakonerako beharrezkoak diren ekintza sinbolikoak sortzen lortu ez duten haurrek, ekintzaren patologia dute.

 

2) Ekintza asmaketak

Niniak, bere beharrak aseak ez izateak eragindako minekin ohean bakarrik dagoelarik, amak biziarazi dizkion antzeko murtxatze (zurrupatze) ekintzak itxuratzen ditu : bere burua imitatzen du. Ahoan eriak ezarriz, bular hartze ekintzaren sentsazioen plazerra berriz aurkitzeko eginahalak egiten ditu, baita bien arteko batasunaren plazerra ere, erran nahi baita, beri bere amari bezain bat plazer eman dion ekintza itxuratzen duela. Ekintza itxuratze hauek, asetzearen itxaroteko sistemak dira.

Ekintzaren itxuratzea, asmaketa jarduera osoaren abiapundua da. Hain zuzen ere, itxuratze horretatik abiatuz du haurrak ekintza nahia sortzen ; ekintza nahi hori, « objektuarekin » (« ama-objektua ») harremanetan ezartzen duen ametsezko ekintza eta plazer irudikapena da, « objektuaren » erantzun ezaren mina une batez eztitzea ondoriotzat duena. Ametsezko ekintza irudikapen hori, errealitatea bairatzea helburu duena, ekintza asmaketa da, sei hilabete inguruko haurrari galdutako « objektua » berriz aurkitzea eta honen gainean bere plazerrarentzat eta segurtamen afektiboarentzat irudimenez jardutea ahalbidetzen diona.

Beraz, ekintza asmaketa, ekintza irudikapen inkontzientea da.

Alabaina, ekintza asmaketa, galtze batetik sortzen da, eta ondorioz ez du sekulan arrunt asetzen, haurrak nahi duena baina ez duena delako. Horrenbestez, asmaketak ezin dezake erabat « objektuaren » galtzea konpentsatu, nahiz eta izaera konpontzailea ukan ; beti eskas psikiko maila bat, hutsunea, eragiten du, gure nortasuna, urrenez urreneko ekintzak eta harreman afektiboak sortzen dituenaren jatorrian dena.

Atxikiak direlako, ekintza asmaketak ez dira duten izaera bortitzarekin adierazten. Beren energia pultsionalaren galtzea pairatzen dute eta eskas den « objektuaren » jarraipena eta batasunaren plazerra bermatuko dituzten ekintza sinbolikoak sortzen dituzte. Aldiz, ekintza asmakeriak ez badira atxikiak, besteekilako harreman desegokiengatik, estualdi arkaikoen intentsitateak eragindako gehiegizko jarrera pultsionalaren edo arazo psikosomatikoen bidez adieraziko dira.

 

3) Ekintza asmaketen bilakaera eta ekintza sinbolikoak

● Niniak bere ama ausikitzen duelarik, amak beregandik urruntzen du errudun sentiarazi gabe: ondotik, niniaren eskuen edo oinen jatearen alegia eginez, ausikitzea antzezten du. Horrek, haurrari, plazer handia eragiten dio eta, joko esparruan, ausikitzea sinbolizatzen irakatsiz, asmaketa suntsitzaileen intentsitate pultsionala eztitzea ondoriotzat du. Haurrak ausikitze sinboliko hauek berreginen ditu. Horrela, amak bere haurrari kulpabilitate onargarria integratzea ahalbidetzen dio, bere gain har dezakeen “objektuaren”galtzearen estualdi maila eragiten duena, eta estualdi horrekiko segurtamen prozesu bilaketa dinamikaren jatorrian dena. Haurrak, eskas den objektua irudikatuko du, eta urduri izan gabe haren desagertzea onartzen ahalko du eta berragertzerakoan gozatzen ahalko du.

Beraz, suntsitze asmaketekiko errudun ez sentitzeak, sinbolizazioarekiko irekidura errazten du: hain zuzen, haurra ekintza bat hutsean berregiteko gai bilakatzen da (ausikitu, atzaparkatu, jo).

Sinbolizazio orok, galtze asmaketarekiko segurtamen eginkizuna du.

 

● Motrizitatea, eduki inkontzienteak diren ekintza asmaketak adierazteko bide nagusia da.

 

● Haurreri, suntsitze asmaketak maila sinbolikoan adieraztea den “suntsitze” antzeztua ez dela lanjerosa erakustea desiragarri da, baita, gure onarpen jarreraren bidez, suntsitzearen plazerrarekiko errudun sentitzearengandik askatzea posible dela erakustea ere. Askatze hori, jokoak partekatzea, beste haurrekin sortzea eta komunikatzea bezalako plazerren onurarako da.

Adibidez, kuxin hormak behin eta berriz suntsitzeak, haurra poz handia eragiten duen plazer harrigarrira berez irekitzen du, bilakaera ikusgarria eragiten duena. Askatze horrek, beste haurrekin jostatzeko, eremu berriak deskubritzeko eta motrizitate marka berriak bizitzeko gogoa agertzen du: haurrak arauekilako jokoak, eraikuntza oso egituratuak proposatzen ditu, “handitzen” da. Haurrari, kuxinek bizirauten dutela eta eraikuntza berriarentzat berriz erabiliak izan daitezkeela agertzen dio ere: asmaketa suntsitzaileek objektuak ezin dituztela desagertarazi sinbolikoki frogatzen du.

Haurra handitzea nahi badugu, maitasunezko objektuaren suntsitzaileak diren pultsioei lotutako oinazeak gainditu ahal izatea beharrezkoa da.

Kuboekin dorre bat eraikitzen badugu, urte bat inguru duen haurrak plazerrez bortizki suntsitzen du. Eraiki eta berreraiki dugun dorrearen suntsitzea erabat onartuz, haurrari pultsio suntsitzailearen errepikapenaren plazerra biziarazten diogu. Gainera, haurrak dorrea suntsitzen duelarik, helduari berekiko ezberdina dela adierazten dio, “hor dagoena ni naiz” adierazten dio. Helduak dorre bat beretzat eta bat haurrarentzat eraikitzen baditu, “hau zurea da” eta “hau nerea da” erranez, ekintza eta hitz hauek haurraren eta helduaren ezberdintasuna berresten du, haurra asetzea eta haren suntsitze nahiaren gelditzea eragiten duena, helduarenarekiko ezberdina den bere eremu sinbolikoa baduela erakusten baidio.

 

● Beldurra eragiten duen “objektuari” identifikatzearen plazerra, haurraren garapenaren urrats garrantzitsua da. Adibidez, haurra amarengandik edo aitarengandik erasiatua delarik, bere panpinarekin joko batean gertakari hori antzezten ahal du. Haurrak gurasoaren rola bereganatzen du eta bere rola panpinari ematen dio. Kanpotiar-erasotzaile “objektu” horri identifikatzeak, egoera desdramatizatzen du eta haurra segurtatzen du. Segurtatze mekanismo inkontzientea da, pultsio suntsitzailearen bilakaera errazten duena.

 

● Beste hainbat plazer:

Erortzearen plazerra: gutxi gora behera 18 hilabetetik gora, haurrak lasterka egin, edo zutik geldirik egon, eta kuxinen gainera ahuspez (ipurdiz gora) erortzen plazerrez jostatzen dira, eta oraino plazer handiagoarekin, segurtatzen dituen heldu baten presentzian joko hori egiten delarik.

Lasterka egitearen plazerra.

Kulunkatzearen plazerra: kulunkan edota zintzilik soka baten puntan kulunkatzea, haurrek azkarki xerkatzen dituzten jarduerak dira. Penduluaren asmaketa ekintzaren adierazpenak dira, “oszilatzearenak”, haurdunaldi denborako amaren ibiltze kulukatuaren, baita adibidez ninia lasaitzeko edo lokarrarazteko gurasoek erritmo eta anplitude ezberdinekin egiten dituzten mugimenduen barneratzetik datoztenak. Barneratze hori, burmuinan eta muskulaturan grabatutako prozesu biokimiko, elektriko eta hormonalen bidez, haurren sistema neurobiologiko osoan grabatuz egiten da.

Sakontasunean salto egitearen plazerra: “airatzearen” asmaketa ekintzaren adierazpena da, norabide guzietan haurraren altxatze, pausatze, eta garraiatze ekintzen barneratzea irudikatzen duena.

Itzulikatzearen plazerra: adibidez, haurrek, birakarietan edo helduen besoetan beren gorputza itzulikatzen uztea biziki maite dute. “Zurrunbildu” asmaketa ekintzaren adierazpena da. Honek, haurrek errepikatutako itzulikatze guziak sustatzen ditu, beranduago helduek dantzaren edo jarduera akrobatikoen bidez berriz aurkitzen dituztenak, eta bereziki amaren mugimendu guziek eragindako umekiaren mobilizazioa adierazten du, baita ondotik bere mobilizazio eta iraulketa grabitaterik gabe umontzian ere.

Betetze-huste jokoa, adibidez basoak urarekin edo sablearekin, ontziak objektuekin, xurgatzearen (elikagaiena) eta kanporatzearen (gorotzena) sinbolizazioa dena.

 

4) Asmaketa ekintzak eta sexu-organoak

Zikiratua izatearen estutasunak (neskarentzat sexu-organoa galdu izanaren estutasuna, mutikoarentzat galtzeko estutasuna), nesken eta mutikoen baitan segurtamen prozesu ezberdinak eragiten ditu. Neskek panpinarekilako jokoari garrantzi berezia ematen diote. Joko hau kulturalki mantendua da (neskei panpinak eskainiz eta mutikoei autoak), baina ez da soilik kulturala, amari identifikazio jokoa da ere eta kulturengandik independenteak diren mekanismo inkontzienteetan oinarritzen den zikiratzeari lotutako segurtamen jokoa da.

Mutikoek aldiz, guztiahaltasun faliko eta indar jokoei garrantzi berezia ematen diote: autoak edo zaldiak sinbolizatzen dituzten kuxinekin lasterketak, alegiazko istripuak eragiten dituztenak, zaurituak, anbulantzian garraioak, ospitalean artatzeak… Joko hauek agertzen direlarik ospitalea ezartzea desiragarri da. “Mozketaren” irudimenezko zauriaren eztitzeko eta zikiratze estutasuna sobera presente izatea saihesteko, manipulazio eta kontaktu medikal batzuk, joko moldean, nahikoak dira. Ber gisan, mutikoak eraso jokoei (materiala ezpatan, fusilan… eraldatua da) eta gaitasun fisiko jokoei (ahal bezain fite lasterka egin, ahal bezain gora salto egin, bere indarra erakusteko zama ahal bezain pizua altxatu… zakilaren irudimenezko mozketaren estutasunarekiko segurtatzeko agerpen sinbolikoak dira) garrantzi berezia ematen die.

Hiruzpalau urtetik gora nesken eta mutikoen jokoen arteko ezberdintasunak aski agerikoak dira. Erran gabe doa soilik joera dela, neska bat mutikoen jokoak egin ditzazkelako edota mutikoekin josta daitekelako, eta alderantziz.

 

5) Deserdiratzea

Piagetek, egozentrismoa, bi eta bospasei urte arteko garaian haurraren adimenaren (pentsamenaren) funtsezko ezaugarria dela ohartarazi du. Ekintza hezitzailearen helburua, haurrari egozentrismo hori bizitzea eta bereziki gainditzea ahalbidetzea da, haurraren baitan erdiratua den erreferentzia sistematik haurra ateratzen laguntzea da, deserdiratzeko, hau da, bera dena eta kanpoko munduarena dena bereizteko. Deserdiratzearen heltzea urraskakoa da. Haurra soilik 6/7 garren urtean adimen operatibora iristen da. Operatzea, norberaren erreferentziekiko independenteki hautatzea, erkatzea, elkartzea… da.

 

6) Psikomotrizitate jarduera hezitzailearen eta prebentiboaren helburuak

● Ekitearen, jostatzearen eta sortzearen plazerraren bidez, funtzio sinbolikoaren garapena lagundu.

● Motrizitate jarduera guzien plazerraren bidez, asmaketen aurkako segurantza prozesuen garapena lagundu (zazpigarren urtetik gora, asmaketa horiek haurrak askoz gutxiago kezkatuko dituzte; horregatik, psikomotrizitate jarduera hezitzaileak bere garapen handiena 6/7 urte arte ukanen du).

● Pentsatzearen plazerrari (ezinbestekoa ikasteko plazerrarentzat) eta adimen operatiboari irekitzea ahalbidetzen duen deserdiratze prozesuaren garapena lagundu.

 

Segurtatze jolas-formek, haurrari, bere asmaketak gutxitzeko baliabide sinbolikoak berak aurkitzea ahalbidetzen diote, baita, pertsona orok gainditu beharreko frustrazioak, lanjerrik gabe bizitzeko indarra ematen dion plazer berritua nabaritzea ere.

Haurrarentzat, sortzea hil edo biziko “beharra” da. Jostatzea, ekintza sortzailea dena, eduki inkontzienteak diren asmaketa ekintzei itxura ematea da; jokoa, irudikapen inkontzienteen antzezpenaren plazerra da.

 

7) Psikomotrizitate jarduera hezitzailearen eta prebentiboaren ekitaldiak

● Hiru urte peko haurrek egunero ekitaldia ukan ahal izatea desiragarri da. Urte horretatik gora, astean bi edo hiru ekitaldi nahikoak dira.

● Hamar haur heldu batentzat kopuru egokia da.

● Ahal baldin bada, haurrek jarduerak ortutxik edo telazko oinetako arinekin egitea desiragarri da, eta galtza motzetan, mugimendua errazteko.

● Dispositibo eta material bera ekitaldi bakoitzean berriz aurkitzea segurtatzailea da.

● Motrizitate adierazpenaren materiala: orekatzeko eta lerratzeko egiturak; haurka gutxienez 60x40x50 cmko bi kuxin angeluzuzenak, 60x30 cmko kuxin zilindrikoak; matelazak; gortina, mihise, teilatu, mozorro… gisa erabiltzeko izari guzietako kolorezko oihalak; oihalezko abereak; sokak; bertan sartzeko lau metroko luzerako oihalezko zaku handia; egurrezko eraztunak; beren motrizitate pultsioa menperatzeko gai diren haurrek borrokarako arma bezala erabilitako egurrezko makilak; bertan sartzeko edo objektu ezberdinez betetzeko egurrezko kutxa handiak…

● Haurrei, jostatzeko arau batzuk bete behar direla gogoratu behar zaie: alegia egitean jostatzen gara (ez diegu ez besteei ez gure buruari min egiten) eta ezin dezakegu materiala hautsi.

 

7.1) Sakoneko segurtatze joko sinbolikoak

Asmaketaren aurka segurtatzeko jokoak dira, unibertsalak, eragin kulturalen menpe ez direnak, 6/8 hilabetetan eta 2/3 urtetan garatzen direnak, baina hortik gora iraun dezaketenak ere. Desegina izatearen eta ama galtzearen beldurrei erreferentzia egiten diete.

● Desegitean jostatu: desegite asmaketaren kezka buruan etengabe baldin badugu, debekatutako desegite pultsioak bizi psikikoa etengabe inbaditzen ahal du eta haurra, komunikatzeko, sortzeko eta pentsatzeko plazerraren mozketaruntz eraman dezake. Haurrek, helduek haientzat aitzinetik eraiki dituzten kuxinezko hormak, piramidak edo gazteluak kolektiboki desegitearekin ekitaldia hastea maite dute. Helduak, desegitearen debekua umorearekin antzezten du, haurrek garaitzen ahalko duten erresistentzia erlatiboa eginez, eta berriz eraikitzen du. Heldua gibelaraztea eta harengain indarra egitea, haren izaera menperatzailea garaitzeko eta norberaren nortasuna agertarazteko urrunarazi nahi izatea da. Haurrek ez dute heldua desegiten, baizik eta haren eraikuntza sinbolikoa.

Gainera, desegitearen plazerrak, haurraren tentsio tonikoak eta atxikitako emozioak lasaitzen ditu eta haurra jariakortasun toniko bati irekitzen dute.

● Oihal batean inguratzean jostatu: eramaten gaituzten besoetan bezala, bainuko urean bezala…

● Gordetzean jostatu: haurrek, helduek xerka ditzaten gordetzea maite dute. Presentziaren bilaketaren eta ez egotearen asmaketaren sinbolika guzia adierazten du. Joko horren bidez, haurra, besteek beretzat dituzten sentimendu samurren iraunkortasunaz segurtatua da.

● Lasterkatua izatean jostatu: lasterkatua izatea harrapatua izan gabe harrapatua izatearen plazerra ukateko, inguruko jendeen izaera menperatzaileegiak eragindako eraso asmaketarekiko segurtatzeko bitartekoa da. Haurrak bere asmaketa garaitzen duelarik, heldua lasterkatzea proposatzen du.

● Erasotzaileari identifikatzean jostatu: rolen alderantzikatzeak (lasterkatua izatea eta ondotik lasterkatzea), haurrak bere baitan konfiantza eskuratu duela frogatzen du: erasotzailea, otsoa, banpiroa… antzeztea gai da, erasotua izateak eragindako beldurra desdramatizatuz.

 

7.2) Azaleko segurtatze joko sinbolikoak

Sakoneko segurtatze joko sinbolikoek, azaleko segurtatze joko sinbolikoei gero eta gehiago tokia uzten diote. Azaleko segurtatze jokoek, haurrari, zikiratzearen asmaketarekiko, baita gurasoekilako gatazka txikiekiko ere, segurtatzea ahalbidetzen diote. “Bezala” egitearen edo “alegia” egitearen joko guziak dira: ama edo aita bezala egitearenan jostatu, sukaldea egitearenan, niniarenan, brikolatzearenan, medikuarenan…

Joko sinbolikoa ez da baitezpada haurraren bilakaeraren adierazle. Bakarrik motrizitate adierazpenaren leherketa emozionalak du haurra aldarazten. Joko sinbolikoa haurrak behartzen digun igarobidea da: ez gara bertan berandutu behar eta ez dugu mantendu behar.

 

Eraikuntza jokoa Bernard Aucouturieren arabera

● Sinbolizazio gaitasunen garapenerako, Piagetek eraikuntza jokoen garrantziaz ohartarazi zuen. Haren ustez, joko hauek, azaleko segurtatze joko sinbolikoak baino askoz eratuagoak dira. Azken hauek ez dira sinbolizazio gaitasuna bilakarazteko bitarteko nagusia.

● Bakarkako eraikuntza garaiaren ondotik, haurrak, gauzatze kolektiborako berez elkartzen dira, oso interesgarria dena.

● Koloreztatua ez den zurezko eraikuntza materiala, parametro sentsorialak eta estetikoak urrunarazteko. Horrela, bakarrik itxurari eta izariari interesatuz, egur zatien hautaketa sentsoriala baino gogoetatua izateko.

● Hemen, norberaren edo besteen eraikuntzak suntsitzea ez da baimendua (psikomotrizitate ekitaldietako suntsiketak ez bezala). Soilik desegitea posible da.

● 3-4 urtetik gora, mutikoek eraikuntza altxatuak nahiago dituzte (irudimenezko mozketaren konpentsazio falikoa bezala uler daitezkeenak, eta beraz gizonaren irudiarekiko identifikazio inkontzientearekin lotura luketenak), neskek orrian eta horizontalean marrazketa nahiago dutelarik.

● Haurrek, kanikak itzularazteko zirkuitoak eraikitzea maite dute.

Itzuli