Euskal dantza Bizi Tokin

 

Euskal dantza

 

 

Ondoko idazkia, euskal dantzari buruzko hainbat liburuen (ikus bibliografia bukaeran) irakurketen, gai honi buruz gogoetatzen duten Ipar zein Hego Euskal Herriko hainbat pertsonekin ukandako eztabaiden eta 2012ko agorriletik 2013ko agorrilera Euskal Herriko hainbat herritan (Otxagabia, Hernani, Lantz, Donapaule, Atharratze, Luzaide, Baigorri, Abadiño, Hozta, Arizkun, Erratzu, Donibane Garazi, Uztarroze, Zubieta (Usurbil), Elizondo, Lizarra, Lekunberri (Nafarroa Garaia), Leitza, Arantza, Laruns (Biarno), Behorlegi, Arnegi) egindako dantzen behaketen sintesia da.

 

 

Gilen arabera, dantza, gizakiak bere sentimenduen ateratzeko sortu duen mugimendu erritmikoaren artea da. Araolazarentzat, gizon-emakumeok gorputzaren bidez komunikatzeko eta adierazteko dugun beharrari ematen diogun erantzuna da.

Guilcherk, Euskal Herrian beste garai batzuetan adierazpen molde hori gizarte osoak erabiltzen zuela goraipatzen du.

1729ko Mercure de France-eko idazkiak, Donibane Lohizuneko Pamperuque deitutako dantza deskribatzen du : « Festaren bigarren egunean, 60 urtez gorako 50 gizon beren adineko beste hainbeste emazterekin harremanetan sartu ziren eta hiriaren itzulia Pamperuque-ean egin zuten ; ondotik, euskal nazioaren zalutasun naturalarekin jauzi bat dantzatu zuten. Ohartu gara ez dagoela erresuman eskualderik non herri honetan bezala sasoin hain onean diren hainbeste zahar baden ».

 

Euskal ohituraren berrikuntzarako gaitasuna

Guilcheren arabera, euskal ohituraren kontserbazio gaitasuna oso agerikoa da, bere eskuratzeko gaitasuna bezain bat. Besteei hartzea, baliabidea izateaz gain, jarduera sortzailearen eragilea izan da. Berrikuntzarako gaitasunak, euskal ohituran azkarki eragiten du.

 

Dantza kantuz

Gaur egun, Euskal Herrian, dantzatzen diren kantu bakar batzu atzeman daitezke. Soka-dantza aire batek edo bik beren hitzak badituzte, baina Guilcherk dionaz iraganean gehiago bazirela pentsa daiteke ; hainbat jauziren aireek hitzak bazituzten. Baina ohiturak ez du usaian kantatua den dantza molderik atxiki, olerkia, musika eta mugimendua batzen dituen dantza molderik. Araolazak dio Duvoisinen bildumei eta lekukotasun berriago batzuei esker, 1850 eta 1930 urteen artean jauzi guziak kantuz lagunduak zirela dakigula.

 

Emazteak, dantza eta apezak

Oihanbururen arabera, dantzetan emazteek esku hartzen zutela aspaldiko hainbat lekukotasunek agerian uzten dute : adibidez, Karlos IX garrenak 1565ean. 1791 eta 1797 urteetan Gipuzkoa zeharkatzen duen Gaspar Jovellanosek, « sexuaren eta adinaren arabera bereizketarik egiten ez duen herri osoa dantzan » ikusi duela dio.

Baina apezak, Truffautk dionaz, dantzen eta bereziki emazteak biltzen zituztenen edo mistoak ziren dantzen aurka luzaz borrokatu ziren. Jauziak gizonek dantzatzen zituzten eta neskak soka-dantzan sartzen ziren.

Urbeltzen ustez, herriak, soka-dantzaren komunitatearen metafora zaharrean, pertsonen arteko esku emaite atseginzaleari garrantzi berezia ematen zion. Emazteek eta gizonek eskuak elkarri emanez soka osatzea ohitura zaharra zen. Baina XVII garren mende bukaeran edo XVIII garren mende hasieran, elizak, emazteek eta gizonek eskuen arteko lepokoen bidez urrundurik dantza zezaten behartuz, ohitura zahar hori debekatu zuen.

Labatek, 1750ean Nafarroara moda berria heldu zela erraten digu : dantza lotuak (bikotekako dantzak). Pazkoz, Iruñako apezpikuak, lizuntzat jotzen zen molde horretan dantzatzen zutenak eskumikuz mehatsatu zituen. Anatema hori, emazte eta gizonen hurbilketa fisikoaren aurka zuzendua zen. XIX garren mendetik gora eta 1950 arte, elizak, jokaera moraletan eta maitasun jokamoldeetan agerian esku hartu zuen. Jomugan emazteak ziren bereziki. Ipar Euskal Herrian, neskak, hamabi urtetik gora eta beren ezkontza arte, Mariaren Haurren Kidegoan sartuak ziren. Elizaren abesbatzan ezarririk eta mantelina zuri luzea soinean, elizkizun guziak segitu behar zituzten. Haietariko bat dantzatzen ikusia baldin bazen, berehala kidegotik kanporatua zen. Dantzaldian esku hartzeagatik, pertsona anitzi elizaren sakramentuan esku hartzea debekatu zitzaion. 1824-1825 urteetan Kanbon bikario izan zen Michel Garikoitzek bertatik dantzak eta arto xuriketa gaubelak desagertarazi zituen. 1930 garren urtetik gora, Xabier Itzainaren arabera, apezek jokamoldez aldatu zuten eta gazteak biltzeko dantza erabili zuten.

Lukuren erranetan, apezen botere absolutuarekin neskak ez ziren dantzan ari ez zirelako plazan agetu behar, beren gorputza ez zutelako erakutsi behar. Baina lehenago, jatorrizko sistemako hainbat dantzetan, bolanten dantzetan adibidez, neskak ez ziren dantzan ari ez zutelako behar. Rolak eta betebeharrak oso ezberdinak ziren sexuaren arabera. Nesken lanak etxe barnekoak eta etxalde ingurukoak ziren, belaunaldi guzien artean egiten zirenak. Soziabilizatze handiko lanetan trebatuak ziren. Neskak beraz jendarteratuak ziren. Bortuko lanetan ari ziren gizonak ziren hezi behar, dantzaren bitartez bereziki. Lukuren ustez, gaur egun politikak neskak behar dituenez eta libertimenduak (Garaziko ihauteria) jendartean egituratze funtzioa baduenez (libertimendua esparru soziopolitikoaz mintzo da), orain neskek bolanten artean dantzatu behar dute.

 

Soka-dantzak

Soka-dantza edo kate-dantza, emazte eta gizonak ilaran ezarriz eta bakoitzak aldeetako biei eskuak emanez osatzen da. Soka hesten ahal da ingurua (zirkulua) sortuz edo zabalik gelditu, mutur batetako dantzari batek eramanik. Dantza soziala da, kolektiboa. Soka-dantza molde sinpleena, urrats berezirik egin gabe biribilketa edo farandola baten erritmoan karriketan ibiltzea da.

Dantza-luzeak, Baxe Nafarroako soka-dantzak, herriaren ardatz nagusi batetatik doa edo herriaren ingurua egiten du. Lukuren erranetan, dantza-luze xiberuko branlearen baliokidea da.

Karrika-dantza, karriketatik doan esku-dantza da ; beste dantzek plazaren ingurua egiten dute.

Azeri-dantza, eramaile aldakorra duen soka-dantza da.

 

Urbeltzen arabera, gizon-dantza, Gipuzkoan izan ziren dantza sozial zaharretatik gelditzen den lekukotasuna da. Komunitatearen dantza zena, gizonezkoen dantzan bestelakatu da, beren gauzapenetik emazteak baztertuz.

Guilcheren ustez, soka-dantzen jatorria oso oso zaharra da. Arrakasta handiena hego Baxe Nafarroan zuen, Baigorritik Donaixtira eta Luzaidetik Behorlegira. Josteta, topaketa soziala eta sexuen topaketa helburu zuen erritual soziala zen. Bertan ziren pertsona guziak biltzen zituen, kopuru mugarik eta sexuen bereizketarik gabe ; beren artean kohesio oso azkarra eragiten zuen.

Urbeltzek gauza bera dio : kate-dantzaren helburua kohesio soziala zen. Soka-dantza sokaren metafora da ; esku hartzen zuten guziak, emazte eta gizonak, soka berekoak zirela adierazten zuen. Komunitate osoa lotzen duen erritual sinbolikoa da: soka-dantzan egiten diren zubiak, hau da, aurreskuak eta honen hurrengo dantzariak besoekin arku bat egin eta gainerateko dantzariak azpitik iragatea, lokarriak egitearen sinboloak dira, eta komunitate-lotura askatu ez dadin egiten dira. Sokaren beste muturrean gauza berdina egiten da ; kasu honetan, atzeskuaren eta honen aitzinekoaren artean osatzen den arkuaren azpitik iragaiten dira dantzariak. Gisa horretan, sokaren bi muturrak lokarrien bidez ixten dira, soka desegin ez dadin.

Guilcheren arabera, Ipar Euskal Herriko Lekunberrin, ezteietan, farandolaren bukaeran ziren hezkondutako gizona eta ondoan zuen emaztea, ostatuaren atearen bi aldeetan besoak goratuz ezartzen ziren eta kate guzia, emazte hezkondua buruan, hola osatutako zubi azpitik iragaiten zen.

 

XVIII garren mendean, Azkainen, gizon zaharrena soka-dantzaren buruan ezartzen zen. Horrela, aitzindariaren rola zaharrenari ematen zitzaion.

Duintasun maila gorena zuen bikotea – hezkonduak, zaharrenak, familia zaharrena… – kate dantzaren buruan ezartzen zen Biarnon eta Euskal Herrian ezagutzen ditugun soka-dantza batzuetan. Bunuze eta Ibarlan, 1830 inguru : bertako festen dantzaldiko kate-dantza herriko etxe zaharreneko emazteak idekitzen du edo berak hautatutako senargabeak. Gizon batek laguntzen du. Beste bikoteak lehen emaztearen ondotik ilaran ezartzen dira. Katearen beste muturrean, bigarren etxe zaharrenaren emaztea atxikitzen duen gizona dago ; une honetan ohoreak eskuratzen dituena ordezkatuko du emazte horrek. Bikote bakoitza, aldizka, katearen burutik buztanera doa. Horrela, kate-dantzaren aitzindarien berriztapena egiten da.

 

Araolazak dionez, aurreskua soka dantzatik etorritako dantza da. Soka-dantzan aurreskua lehen dantzaria da (aurreko eskua). Sokaren beste muturrean, azken tokian, atzeskua izaten da. Soka-dantzaren zenbait zati, bakarlariek (aurreskua eta atzeskua) egiten dituztenak, adibidez aurreskuak sokara gonbidatua izan den neska edo mutilari dantzatuz egiten dion ongi-etorria, soka-dantzatik askatu, eta hortik bananduta eskaintzen dira gaur egun. Ohitura hau azken 40 urteetan zabaldu da. Behin soka-dantzatik askatua, edozein ekitaldi eta jardueretan erabiltzen da : omenaldiak, ongi etorriak, sari emateak, inaugurazioak...

 

Urbeltzen arabera, XIX garren mende erdian Bizkaian, kate-dantza hauei aurreskua deitzen zaie : lehen dantzariari arreta ezartzen zaio ; horrekin, jatorrizko erranahiarengandik berriz ere urruntzen gara. Denbora laburrean, izen hori, dantzaren ikuspegi kolektiboa ukatetik indibiduala ukatera pasa da. Aurresku izenarekin gizonak « desagertzen » dira. Arreta koreografikoa ez doa haien gana ; bakarrik lehen dantzariaren trebezi eta dotoretasunera doa. Kate-dantzen galtzea komunitatearen ahultzeari lotua da ; bakarlariaren pertsonaia goretsi da eta bere trebezia beste kontsiderazio ororen gainetik pasa da.

 

Lukuren erranetan, dantza-luzeko aurreskuak eta atzeskuak zortzikoa dantzatzen zuten. Zaharrek zioten dantzari hoberenak ezartzen zirela lehen bolant eta azken. Hauek zuten soka eramaten.

 

Guilcherentzat, Euskal Herrian eta beste herrietan, kate-dantza komunitatearen adierazpenaren lehen tresna izan da. Dantza zeremoniatsua, kate-dantza honi tokia egitea utzi gabe, maila tekniko goragoko gizon dantzez aberastu da (jauziak, kaskarot martxa…), bera bezain bat batasun ikur eta eragile direnak, baina beste molde batez hala direnak. Ez bertan diren komunitateko kide guziak organismo bateratzailean bilduz, baina taldearen izenean, bere biziaren une jakin batzuetan, bereziki trebatutako dantzari batzuen esku, dantza perfekzio maila gorago batera eramaten dutenak, ardurak eta botereak utziz.

 

Euskal jauziak

Euskal jauziak ingurua (zirkulua) osatuz gauzatzen diren dantzak dira.

Berdintasuna bada harrespilen (cromlech-ak) eta jauzien dantzatzeko inguruaren artean. Dantzariek harrespil sinbolikoa osatzen dute. Oteizaren ustez, harrespila politikaren espazioa da, kontratu sozialarena, engaiamendu politikoarena. Lukuren erranetan, dantza plazaren hartzea da. Ihautez, dantzariek, herriak eta karrikak, auzoetako errebot abandonatu guziak erasotu behar dituzte.

 

XIX garren mende hasiera Kanbo : herri osoak plazan alimaleko ingurua osatzen du eta erritmo erregularreko urratsez hainbat aldiz haren itzulia egiten du. Urratsak pixkanaka azkartzen dira eta aski biziak direlarik danbor joleak Mutxikoaren hasiera adierazten du.

Urbeltzen iritziz, inguruaz komunitatearen adierazpen transzendentea egiten duen ideia unibertsala da.

 

Guilcheren arabera, jauzia, dantza-luzea bezain bat, dantza kolektiboa izanki, komunitatearen adierazpenaren eta batzearen bitartekoa da, identifikazio bitartekoa, eta bertako taldearen pertsonalitatearen adierazpenaren bitartekoa. Herriko bestetan, non hainbat herrietako biztanleak bilduak diren, festaren une jakin batzuetan, jauziak dantzariak herrika biltzen ditu, denen aitzinean beren jatorria eta elkartasuna adieraziz. Truffauk ere, herri anitzetan, auzoko herrietako dantzariek, bestako dantzaldian sartzerakoan, beraientzat bakarrik jauzi bat, usaian beren herriko jauzia, eskatzeko eskubidea zutela goraipatzen du. Ohitura honi, elkarrekiko eskaintzaren erranahia ematen ahal diogu, ordaina automatikoa zelako.

 

Guilcherentzat, euskal jauziek ohitura zaharrenaren ekoizpen ohizkoenak daramatzate.

 

Jauziak, giharren eta buruaren memoria eta zalutasuna agerian ezartzen ditu. Jauzi luze baten urratsen hurrenkera guziak gogoan atxikitzea eta ordrean gauzatzea, balentria (egitandi) ederra da, arreta luzea eskatzen duena. Jauziak, dantza hau ongi ematen dakiten pertsonak eta taldeak agerian ematen ditu; zoingehiagokaren kultura zaharraren eramalea da.

 

Jauzia, gazteriak publikoki omendu nahi dituen pertsonentzat egin daiteke. Baxe Nafarroan eta Lapurdin, ihauterietako jarraigoek eskea egiten zuten etxeen aitzinean jauziak dantzatzen zituzten.

 

Branleak, maskaradaren eta publikoaren arteko muga hausten du. Maskaradaren haspapenean ematen delarik, emaile/hartzaile egoera hausten du. Zu inguran sartu bazara, ez duzu gehiago maskarada berdin so egiten, barne zara. Branlea amaitzean ez zara lehengo lekura itzultzen, bukatu tokian egoten zara eta gero ez duzu kanton beretik so egiten.

Libertimenduan ere dantza-luze eta kontra-dantzak ematen dira publikoaren eta aritzaileen arteko muga hautsiz. Ez baitira denak beztitzen; gauza baten errateko delegazio bat da hor onartzen.

 

Maskaradek, besteak beste, etxaldeen segidaren segurtatzea zuten helburu. Horretarako, maskaradaren zentroa zen branleak, neskak eta mutikoak nahasten zituen, haran batetik bestera. Neskak gomitatzen ziren eta hauekin dantzatzen zen.

Gauza bera dantza-luzerekin. Neskak behatzaileen artetik hartzen ziren eta dantzaren bukaeran neskak plaza erdian ziren kontra-dantzen emateko.

 

Interpretazio pertsonalak

Guilcherk, dantza kolektibo zahar orok, egoeren arabera, bere baitan adierazpen indibidualari tokia eman diola erraten digu. Baxe Nafarroak eta Biarnoak diete askatasun gehien uzten interpretazio pertsonalei. Bakoitzak maite dituen urratsek edota asmatutako mugimenduek toki garrantzitsua har dezakete. Badea horrelako ariketan, norberaren azkartasuna, zalutasuna edota trebetasuna agerian uztea baino gauza naturalagorik ? Jauzia lehenik nagusiki taldearen famaren tresna da, baina taldearen mugen barnean pertsonalitate indibidualen agertarazteko egina da ere. Hain zuzen, dantza, pertsonalitatea osoki daraman adierazpen bitartekoa da.

 

Urbeltzek dionez, soka-dantzan, katea idekitzen eta hesten zutenen dantzak desafioaren antzekoak ziren. Bakarkako dantzak ziren, dantzari bakoitzak egiten zituen urrats hurrenkera azkarrek nabarmentzen zituztenak. Beren eginkizuna, gazteei beren trebezia, oreka, erritmoa, zehaztasuna, memoria eta entzumen musikala erakustea ahalbidetzea zen. Gipuzkoako plaza publikoetan molde horretan dantzatuak izan omen ziren, kate-dantzen zati gehigarri gisa. Horrela, ohiturak zehaztutako kate-dantzaren une jakin batzuetan, katearen muturretako dantzarien askatasuna eta gustuak agertzen ahal ziren.

 

Lukuren arabera, aitzinako ihauterietako bolanten dantzak, ezkontzeko adinera heldu ziren mutikoen erakustaldia bezala ikus daitezke. Dantzak, ahuntzen gibeletik ibilitako mutiko bat hartzen du eta ezkontzeko on den gizon etxekotua egin behar du. Mutiko finak dira hor ikusten, lurrak, larreak, mendiak zailduak baina jendartean ibiltzen ikasiak. Dantzaria eder izan behar da, jantzi polita darama.

 

Ikasketa

Guilcherk, kate-dantza soilik praktikaren indarraren bidez belaunaldi batetik besteetara transmititzen zela zehazten du. Denek praktikatzen zuten taldeko ohitura zen. Dantza bizi sozial publiko eta pribatuaren baitan izanik, ikasketa haurtzarotik hasten zen, ikusitakoa norberak luzaz beretuz. Ikasketa, gehien mirestutako dantzariak imitatuz, heldutasuneraino segitzen zen. Haurrak, bere inguruan denek eta egunero elkarrekin bizitzen zuten kulturaren osagaia bere egiten zuen.

 

Gisa berean, Xiberotar dantzari baten prestakuntza, edonor horretaz kezkatu baino lehen hasten zen. Lehenik, haurtzaroan ikusitako guziarekin egiten zen. Gizonezkoen dantzak, taldearen biziaren une oso garrantzitsuetan leku gorenetarikoa zuelako, denak hunkitzen zituen sedukzioa eragiten zuelako, haur txikiak, dantza ikasketak, kartsuki nahi zuen goratze pertsonalerako bitartekotzat zituen. Dantzarentzat zuen interes kartsuak eta miresten zituen dantzarien mailara egun batez heltzeko edo maila gainditzeko itxaropenak, mami zaila zuen irakaskuntzaren eraginkortasuna anitz azkartzen zuen. Aitak, anai helduagoak edo osabak, lehen ikastaldiak ematen zituen, denen esperientziara heltzea ahalbidetzen zutenak. Lukuren erranetan, dantza etxeetan erakasten zen, sukaldean, aitak semeari, ottok ardurago ezkaratzean. Auzoan dantzari ezagutua baldin bazen, haurra, luze jo gabe harekin ikastera joaten zen. Altzürükün adibidez, dantza, famili eta bertako ohituraz irakatsia zen. Gizonak igandetan ostatuan elkartzen ziren eta beren plazerrarentzat dantzatzen zuten. Gazteek imitatzen zuten eta zaharrek zuzentzen. Ondotik, gazteek, inguruetako bestetan eredutzat hartu nahi zituzten dantzariak xerkatzen zituzten. Haien etxera beilatzera zioazen, opil bat ekarriz, botoila bat, haien begiradapean eta haien adibidea jarraikiz urratsak gogoz errepikatzeko.

Goi mailako arte hau, eskuratzeak ahalegin handia eskatzen zuena, Xiberuan oso zabaldua zen. Ez ziren denak dantzari bikainak, baina denek gutxienez maila ohoregarria bazuten.

Truffautren arabera, kasik bakartasunean iragandako hainbat ikasketa urteren ondotik, gazteak, maskarada antolatzea erabakitzen zuen gazte talde baten kide izateko suertea ukan zezakeen. Beren artean elkartzen ziren, herriko dantzari zaharrei maskarada antolatzeko baimena eskatzeko prest zirela sentitu arte. Gazteak dantzan ikusi ondoren, zaharrek haien proposamena onartzen edo ukatzen zuten. Garai hartan, herriaren ohorea jokoan zen, eta gazteak zaharrekin beste bi urtez ikasketan aritzeko prest ez baziren, hauek ukatzen zuten. Oso zorrotzak ziren dantza irakasleek, hobezintasuna (perfekzioa) nahi zuten, jarraikiak ez ziren gazteak baztertzen zituzten, rolak banatzen zituzten eta jantziak begiratzen. Prestakuntza sakon honekin, maskarada herrian ematen ahal zuten eta harrera egiten zieten herrietan.

Guilcherk dion bezala, jokoan zena ohorea zen, dantzariaren eta taldearen ohorea. Atxiki behar zen, dirdiratsua izan behar zen, indarren muturreko mugaraino.

 

Lapurdiko herri gehienek, ihauterietako gazteen eskearentzat, dotoreziaz jantzitako dantzari taldea bazuten. Uztaritzen, taldeak lehenik igande batez auzoan aurkezpen publikoa egiten zuen. Zaharrek kritikak egiten eta aholkuak ematen zizkioten. Gazteek edatekoa eskaintzen zieten. Ondoko igandeetan beste herrietara zioazen eta ihaute astelehen eta asteartez Uztaritzeko beste auzoetara. Beren auzotik kanpoko ateraldientzat, dantzari taldea goizeko bederatziak aldera plazan elkartzen zen eta azken aholkuak ematera etorri ziren zaharren aitzinean dantza guziak ematen zituzten. Gazteek, beren itzulera arte, berek eskainitako edariak ostatuan edanez itxarotera zaharrak gomitatzen zituzten.

Truffautren arabera, ongi dantzatzen zekitenak Kaskarot egiten ziren. Ez besteak. Azken hauek beren burua baztertzen zuten, ikuskizun ederra egin behar baitzen.

 

Lukuren arabera, dantzak zion libertimenduari bizkar hezurra ematen eta bolanten lana jauziak egin ahala hobeki ematea zen, egin zitekeen maila gorenean. Tokian tokiko dantzan, bolanta eredua zen, eta dantzari gaztearen egitasmoa bolanten artean dantzatzea zen. Libertimendu eguneko dantza, dantzaldi dantzaz ezberdintzen zen arras. Dantzaldia leku librea zen, mutxikoak nahi bezala eman zitezkeen.

 

Guilcherk zehazten du dantza ez dela gehiago ohorezko jarduera non gizon gazteek nabarmentzea helburu duten. Ez da gehiago zeingehiagoka azkarra, haurtzarotik heldutasuneraino jarraitzen den eguneroko prestakuntza ; are gutxiago hautaketa zorrotza. Eta Aguerren erranetan, ez da gehiago beren haurrei irakasten dieten lehen bezain bat gurasorik.

 

Iragaite erritoak

Urbeltzentzat, Gipuzkoako soñu-zaharren multzotik Kuarrentako erregela, Donostiko zortzikoa eta Erregela zaharra nabarmendu behar dira. Dantza hauek eta beren kodifikazioak, azterketa publikorako egokiak, nerabezarotik heldutasunera iragaitekotan den gazteriari zuzenduak dira, hazi dela erakusteko adinean den gazteriari. Kuarrentako erregela, proba gorena soka-dantzaren bidez gorputz sozialari, helduen taldeari, lotu aitzin.

 

Dantzariak marmutxak dira

Urbeltzen arabera, ihauteriko dantzariak marmutxak dira eta ihauteriak, marmutxek sor ditzaketen makurren kontra zortea konjuratzen du. Gizakia, laborantza garatzen hasi zelarik, mendi sanoak utzirik, laborantzarako lur apalen ingurumen berriari egokitu behar zen, eta etsai berria atzeman zuen hor: marmutxa. Ihauterietako ezenifikazioen helburua, marmutxak, basak, azeriak eta otsoak kasatzea da. Antzerkiz ordezkatzen ditugu, hola beren itzuliñoa egina ukanen dute gurean eta behar ez delarik ez zaizkigu berriz agertuko.

Urbeltzek, mairu baratzeak (harrespilak), eulitxa eta beste parasitoen etxe ikusten ditu, kabalak bakean utz ditzaten.

 

 

 

Bibliografia

Jean-Michel Guilcher, La tradition de danse en Béarn est Pays Basque français, MSH, 1984.

Thierry Truffaut, Carnavals basques, Loubatières 1988.

Thierry Truffaut, Joaldun et Kaskarot, des carnavals en Pays Basque, Elkar 2005.

Thierry Truffaut, La danse basque, Lauburu 1981.

Filipe Oihanburu, La danse basque, Lauburu 1981.

Pierre Gil, La danse basque, Lauburu 1981.

Pierra Aguer, La danse basque, Lauburu 1981.

Juan Antonio Urbeltz, Bailar el caos, Pamiela 1994.

Oier Araolaza, www.eke.org, 2012.

Aintzindariak (xiberutar dantza talde batzuen federazioa).

Claude Labat, Libre parcours dans la mythologie basque.

Antton Luku, Libertitzeaz, 2014.

Xabier Itzaina, La société du tambourin, PU Rennes.

Xabier Itzaina, Danse et chant en Pays Basque Nord, Kantuketan, 1999.

 



Jatorrizko euskal dantzaren bila Bizi Tokin

 

Bizi Tokin gauzatu nahi ditugun euskal dantzen hautatzeko, ohizko euskal dantzetan interesatzen gaituena atxikitzen dugu eta mailegatuz edota asmatuz berrikuntzak sartzen ditugu.

 

1) Gauzatu nahi ditugun euskal dantzak eta beren ezaugarriak

Soka dantzak

-    Jendeek eskuak elkarri emanez soka osatzea.

-    Bertan diren jende guziak sokari lotzeko ahaleginak egitea.

-    Soka eramaten duen aurreskua ohoretu nahi den pertsona izatea, adibidez herritar zaharrena, edota sokako guziak aldizka aurresku izatea.

-    Biribilketaren edo farandolaren edo beste soka-dantza baten erritmoan, herri edo auzoaren ingurua egitea.

-    Soka-dantzak plazaren ingurua eginez dantzatzea.

-    Sokaren muturrek aldizka zubia egitea eta soka osoa azpitik pasatzea.

-    Dantza kolektiboaren baitan adierazpen indibidualari tokia ematea, une jakin batzuetan sokatik beresten direnen arteko bakarkako dantza desafioak eginez, edota sokatik beresten direnek bakarkako dantzak eginez.

-    Une jakin batzuetan sokatik beresten direnek pertsona batzuei ohorezko dantzak egitea.

-    Bereziki trebatuz maila gorago batera dantza eramaten dutenei, une jakin batzuetan sokatik bereiziz taldearen adierazpena beren esku uztea.

-    Dantza jakin batzuen egiteko inguran diren pertsonak sokan sarraztea.

-    Sokaren bi muturrak lotuz ingurua (zirkulua) osatzea.

 

Jauziak

-    Jende guziek inguru handia osatuz plazaren itzulia hainbat aldiz egitea ; abiadura azkarra delarik musikariek jauziei hasiera ematea.

-    Jendeen gorputzak eta begiradak, inguruaren erditik pasatuz parean duten pertsonari so izatea.

 

Fandango eta Arin-arin

-    Jendeek ingurua osatuz, bikote bakoitzeko kideak diagonaletan kokatzea.

 

Larrain dantza

Axuri beltza

Banako, binako, launako, zortzinako

 

2) Musika

-    Dantza batzuk musikarien inguruan egitea.

-    Musika tresnak : txirula, ttunttun (pirineoetako aitzinako danborra), txistu, gaita, klarineta, trikitixa, zeharkako flauta, danborra…

-    Batzuetan musikariak bakarrik hasten dira.

-    Olerkia, musika eta mugimendua lotu dantza kantatuaren bidez.

 

3) Dantzen eta dantzarien beste ezaugarri batzuk

-    Gorputza atxikitzeko moldeari eta begitartearen adierazpenari arreta berezia eman.

-    Soinean jantzi ederrak eraman.

-    Urratsak gogoz ikasi.

-    Adin guzietako pertsonentzat dantza batzuk egin.

-    Adin tarte ezberdinen araberako dantza batzuk egin.

-    Adin tarte batetik bestera pasatzea erritualizatzen duten dantza batzuk egin.

-    Dantza mixto batzuk egin.

-    Genero bakoitzaren araberako dantza batzuk egin.

-    Euskal Herrian dantza euskaraz gauzatu.