Ipuinak Anuntxi Aranaren, Bruno Bettelheimen, Pierre Péjuren eta Bernard Aucouturieren arabera

 

Anuntxi Aranaren arabera, kontakizun batek dioena sekula gertatu ez dela ados direnean denak, orduan ez da mitoa, ipuina baizik, mitoak sinetsia izan behar baitu mito izateko. Halere, badirudi ipuin miresgarriak mitoetatik datozela.

 

1. Ipuinak Bruno Bettelheimen arabera

1.1 Ohar orokorrak

● Jendarte tradizionalean, ipuina gehienetan beilari lotua zen. Bertan herritar guziek esku hartzen zuten, adin guzietakoak, auzo lanerako edo plazerrarentzat.

 

● Lau edo bost urte, maitagarri ipuinek beren eragin mesedegarria ukaten hasten diren adina da.

 

● Hobe ipuinak kontatzea gora irakurtzea baino. Irakurtzen badira, istorioak askatutako eta haurraren baitan sortutako emozioak azkartuz egin behar da. Ipuin kontaketa, pertsonen arteko gertakaria da izan behar litzateke, non helduek eta haurrek esku hartze maila berdina duten, istorioa soilik irakurria delarik gerta ezin daitekeena.

 

● Ipuin bat kontatu ondoren, hobe ez berehala beste bat kontatzea. Entzuleari istorioa hausnartzeko parada eman behar zaio, istorioaz mintzatzera bultzatu behar da; istorioa errepikatu behar da eta entzuleari bere egiteko denbora eman behar zaio.

 

● Hauek dira maitagarri ipuin tradizionalen ezaugarri egonkorrenak: irudimena, mehatsua (heroiaren existentzia fisikoaren edo moralaren aurka), sendatzea (etsipen sakonaz), askapena (lanjer handiaz) eta lasaitzea (bukaera zoriontsua).

 

● Maitagarri ipuinek haurraren bizia aberasten dute, bere irudimena suspertuz eta elikatuz. Irudiz hornitutako liburuen irudiek, irudi egilearen lotura bisualak haurrari inposatzen dizkiote eta bereak ukatea eragozten. Ipuinen pertsonaiak eta gertakariak irudi egilearen irudimenean hezur-mamitzen direlarik eta ez haurrarenean, maitagarri ipuinak bere erranahi pertsonaletik anitz galtzen du.

 

1.2 Haur animista

● Bettelheimek, zergatik haurrek, maitagarri ipuinak, proposatzen ahal dizkiegun beste istorio guziak baino atsegingarriagoak atzematen dituzten xerkatu zuen, baita zergatik maitagarri ipuinek haurraren barne bizitza hain ongi aberastea lortzen duten. Eta erantzuna atzeman ere: maitagarri ipuinak, beste edozoin irakurketa material baino sakonkiago, haurrak egiazki duen izaera psikologikotik eta afektibotik abiatzen direlako.

 

● Piagetek erakutsi duen bezala, haurraren adimena pubertaterarte animista da. Haurrarentzat, bizigabeen munduarekin dituen harremanak, jendeekin dituenak bezalakoak dira. Ipuinen abereek, beretzat erranahia duten gauzetaz hitz egiten diote. Haizeak hitz egin dezakeela eta heroiak joan nahi duen tokira eraman dezakeela sinets dezake haurrak, jendeak animalez eraldatuak izan daitezkeela eta alderantziz. Haurrak maitagarri ipuinak dionari konfiantza egiten dio, harek eta berak mundua irudikatzeko eta esperimentatzeko molde berdina dutelako.

 

● Guraso gehiegik, beren haurraren pentsaera beraiena bezala ibiltzea nahi luke, gure burua eta mundua ulertzeko moldea, eta bizitzaren esanahiari buruz ditugun ideiak, helduaren heldutasunera heltzen den bilakaera geldoaren menpe ez balitz bezala.

 

● Haurrari gertatzen dena arrazionalki ulertarazten saiatzea helburu duten ahalegin guziek ez dezakete harengan inolako eraginik ukan, ez baitu oraindik molde arrazionalean pentsatzen. Haurrarentzat, jendeek ez dute nigar egiten triste direlako, ez dute jotzen haserre direlako: nigar egiten dute edo jotzen dute eta kitto. Haurrak « haserre naizelako hori egin dut! » erran dezake, baina bere haserrea ez du haserrea bezala esperimentatzen, baizik eta jotzera edo desegitera bultzatzen duen bultzada bezala. Soilik pubertatera heltzerakoan gure emozioak emozio bezala identifikatzen hasten gara, haien arabera berehala jardun gabe.

 

1.3 Ipuinak haurra laguntzen

● Maitagarri ipuinak, mendeetan zehar (ez bada milaka urteetan zehar) errepikatuak izanagatik, ageriko eta gordetutako erranahiez bete dira.

 

● Maitagarri ipuina, bizitzaren esperientzia garrantzitsuenen adierazpen sinbolikoa da (haurrari mintzaira sinbolikoan zuzentzen zaio, ez du gertakari hunkigaiez hitz egiten, ez eta ere egiazko pertsonez eta lekuz).

Haurrak burutu beharko dituen egin beharren, bere itxaropenen eta beldurren irudizko eta gehiegizko kokaleku aldaketa da. Hain zuzen, haurrak, bere arazoei aurre egiteko eta heldutasuneruntz segurtasunean aitzinatzeko moldeei buruzko iradokizunak itxura sinbolikoan eskuratu behar ditu.

 

● Gure nahikundeak (desirak) berehala asetzera bultzatzen gaituen edo gure frustrazioetaz bortizki mendekatzera eramaten gaituen plazerraren portaera arauari (printzipioari) amore eman behar ote zaio, edo, poztasunaren ibilbide luzean eta gogorrean aitzinatuz, bulkada (pultsio) hauen arabera bizitzeari uko egin behar ote diogu eta hainbat frustrazio onartu behar ote ditugu? Hau da jende orok bere bizitza hastapenetik aurre egin behar dion arazo nagusia.

Bizitza, arazo guziak konpontzen ahal ditugula pentsatuz hartu behar da edo galtzaile pentsamoldearekin? Horra beste arazo existentzial biziki garrantzitsua.

Maitagarri ipuinek galdera hauei erantzuten diete. Arriskuz betetako borrokak saihesten ez baditugu, bizitza ona eskuragarri dela adierazten digute adibidez.

Irudizko moldean eta forma sinbolikoan, hazkuntzaren eta bizitza independentera heltzeko urrats nagusiak deskribatzen dituzte. Haurra, bere gurasoekiko menpekotasunean (dependentzian) izateko nahikundeari uko egitera laguntzen dute.

Gurasoek haurra heldutadunera iristera ahoz bultzatzen badute, psikologikoki edo geografikoki bilakatzera, haurrak ahalegin hauek bere buruari « kanporatu nahi naute! » erranez interpretatzen ditu. Haurrak, kanporuntz egin beharreko urratsak berak erabaki behar ditu, egoki iruditzen zaion unean. Maitagarri ipuinak prozesu hori errazten du, keinu egitera mugatzen baita; dena berez (inplizituki) errana da, itxura sinbolikoan.

Haurren bizitza horrela aberasten dute maitagarri ipuinek, bere emozioak hobeki ulertzen lagunduz, bere sentimenduen kalapitan koherentzia pixka bat ezartzen lagunduz, bere zailtasun psikologikoetaz kontzientzia harraraziz, adibidez edipiko dilemek sortuak, edota haurrideen arteko lehiek, nahikunde batzuei eta haurtzaroko dependentziei uko egiteak, handitzearen beldurrak, betebehar moralek, maitatua izatearen beharrak eta ezgaitzat ikusia izatearen beldurrak, herioaren beldurrak, inmortal izatearen nahikundeak (hala ere, Anuntxi Aranak zehazten du ongi hiltzea dela euskal ipuinetan, bereziki Ipar Euskal Herrikoetan, adierazten den nahikaria, ez betiko bizitzea, inmortal edo hilezkor izatea; herioa, beraz, onartua da ona denean)..., eta ber unean zailtasun hauek konpontzeko aterabideak adibideen bidez iradokiz, bere baitan eta bere etorkizunean konfiantza emanez. Eta hori haurrentzat bezain egia da helduentzat.

 

1.4 Asmaketak eta errealitatea

● Guraso anitzek, haurrari soilik errealitate kontzientea eta bihotz oneko irudiak aurkeztu behar litzaizkiekeela pentsatzen du, bakarrik gauzen alde eguzkitsuaren aldera jarria izan dadin. Baina bizitza ez da bakarrik iguzki... Pertsona orok agresiboki, asozialki, berekoiki, haserrez edo larritasunez jarduteko duen joera haurrari gordetzea nahi du ohiturak. Haurrek, jendeak osoki onak direla sinestea nahi du. Baina haurrak, beti ona ez dela badaki, eta usu, ona bada ere, ez du gogo handirik hala izateko. Hori, gurasoek erraten diotenearen aurka doa, eta haurrak bere burua munstrotzat dauka.

Haurrak erahilketa nahikundeak ukan ditzake, baita gauzak eta jendeak birrintzeko nahia. Maitagarri ipuinek, beste haur batzuek amesketa berdinak dituztela berez (inplizituki) adierazten diote. Holako gauzak pentsatzen dituen munduko pertsona bakarra ez dela sentitzen du horrela. Ondorioz, bere asmaketek ez dute beretzat izaera beldurgarria hartzen.

Bere gurasoekiko dituen mendeku asmaketetaz asko goza dezake, bere gurasoak ez diren baina haiengandik oso hurbil den helbururantz, adibidez aitaren edo amaren lekua hartu duen pertsonaia gaiztoa, hau da maitagarri ipuineko amaginarreba edo aitaginarreba, asmaketa horiek orientatzeko abileziaz bideratua bada. Horrela, haurrak, ez du hobendun sentitzeko inolako arrazoirik.

 

● Mundu « errealari » lotutako « egiazko » istorioek, haurrei argibide interesgarriak ekar diezaiekete, baina haurraren barne esperientzia nagusien aurka doaz. Beraz bakarrik istorio errealistak erabiltzea baztertu behar da.

Haurrari soilik errealitatearekin bat datozen istorioak kontatzen badizkiogu (bere barne errealitatearen zati garrantzitsu batentzat oker direnak beraz), nerabezaroan mundu arrazionalarekiko herra ukan dezake eta asmaketen unibertsiora arrunt ihes egin, haurtzaroan galdutako denbora berriz hartu nahi balu bezala. Bere bizi osoan zehar, errealitatean gertatzen den guzia, behar inkontzienteak behar bezala asetzeko ezgai izan daiteke. Ondorioz, pertsonak, bere bizia osatu gabea dela inpresioa badu beti.

Maitagarri ipuinen aurkezpen aberatsari istorio errealistak gehitzen zaizkiolarik, haurrak, garatzen ari den bere pertsonalitatearen bi zatiei zuzentzen zaien argibidea eskura dezake: zati arrazionala eta zati afektiboa.

Aldiz, errealitatetik hurbil diren eta elementu errealistak sorginkeriazko (magikoak) eta alegiazko (ametsetako) mekanismoekin nahasten dituzten ipuinek, haurraren adimenean erreala eta irreala korapila dezakete soilik.

Maitagarri ipuina aldiz, alegiazko gertakarietan abiatu ondoren, ipuinaren bukaeran errealitatera itzultzen da. Horrela, haurrak, kalterik gabe gure irudimena gu eramaten utz dezakegula ikasten du, baldin eta harengandik betiere preso egoten ez bagara.

 

1.5 Norberaren nahikundeak kanporatu

Haurra, topatzen dituen zailtasunei aurre egiteko, asmaketengandik animatua izatearen beharra badu; asmaketak non heroia, zeinekin identifikatzen ahal den, oso korapilatsuak diren egoeretatik arrakastaz ateratzea lortzen duen.

Maitagarri ipuinetan, norberaren barne prozesuak, barne gatazkak, istorioaren pertsonaiek eta gertakariek irudikatzen dituztelako kanporatuak dira eta ulergarri bilakatzen dira.

Haurraren inkontzientea lehen planora datorren aldi guziz, usu gertatzen dena, inkontzienteak bere pertsonalitatearen osotasuna murgiltzen du. Bere barne prozesuak pixka bat kontrolatu ahal izateko, kanporatu behar ditu. Bere inkontzientearen edukia pixka bat menperatzera heltzeko, haurrak, bera eta eduki horren artean tartea (distantzia) ezarri behar du, eta beregandik kanpo den zerbait bezala kontsideratu behar du. Arazoa, kanporaketek beren aldian gaina har ez dezaten hori nola egin daiteken jakitea da. Panpiñak edo peluxezko panpiñak bezalako objektuak, menperatuak izateko korapilatsuegiak, onartezinegiak eta kontraerrankorregiak diren haurraren pertsonalitatearen itxura ezberdinak pertsonifikatzeko erabiliak dira. Horrela, haurrak, jokoaren bitartez, bere inkontzientearen presio batzu kanpora ditzake. Baina haur anitzek ez du hori egiten, presio hauek korapilatsuegiak, kontraerrankorregiak, edo lanjerosegiak eta jendarteak gaitzetsiak direlako. Hemen dituzte maitagarri ipuinek haurrak anitz laguntzen.

Haurrak, nahikunde sakonei (adibidez amarengandik edo aitarengandik haur bat ukatearen nahikunde edipikoa) zeharka gorputz eman diezaieke, egiazko edo jostailuzko aberea artaz inguratuz, egiazko ninia balitz bezala. Haurrak, hori eginez, bere nahikundea kanporatuz, sakonki sentitutako beharra asetzen du. Baina haurra, panpiñak edo abereak beretzat irudikatzen duenaren eta joko hauen bidez adierazten duenaren kontzientzia hartzen laguntzen bagenu, hau da, bere jarreraren erranahi inkontzientearena, nahasmen sakonean murgilduko genuke. Nortasuna, ongi finkatua izan aitzin, nahikunde korapilatsuen, suntsitzaileen edo edipikoen, nortasun sendoaren aurkakoak direnak, kontzientzia hartzeak erraz inarros edo desegin dezake. Ber gisan, ipuinek, beren kanporatze eragin mesedegarria ekoiztuz haurra lagun dezakete, maila psikologikoan beretzat adierazten dutena ez dakien bitartean. Gurasoek, zein arrazoiengatik ipuinak haurra hunkitu duen ongi asmatzea lortzen badute, beren aurkikuntza beraientzat gorde behar dute. Ez da komeni pertsonaren gogoeta inkontzienteak interpretatzea eta bere aurrekontzientzian gorde nahi duena kontziente bilakaraztea. Haurraren ongizaterako, bere gurasoek, ber ipuinean plazer hartuz, bere emozioak beraiek ere badituztela sentitzea, bere gogoeta barne-barnekoenak ez dituztela ezagutuko ezagutaraztea erabakiko duen unerarte jakitea bezain garrantzitsua da. Gurasoen menperatzea mugarik gabekoa (eta beraz inbaditzailea eta suntsitzailea) ager daiteke, haurrari bere gogoetetan irakur dezaketela erakusten badiote, bera ez delarik oraino ere hauetaz kontzientzia hartzen hasi.

 

Hala, ipuinek pertsonaiak eskaintzen dituzte, eta haurrak, bere buruan gertatzen dena haien gainera kanporatzen ahal du, kontrolagarria den moldean. Adibidez, horrelako eta halako pertsonan bere nahikunde suntsitzaileak nola gauzatzen ahal dituen erakusten diote.

(Psikanalisian, identifikazioa, pertsonak beste baten itxura, berezitasuna edota ezaugarria bere egiteko prozesu psikologikoa da, haren eredua segituz osoki edo ez osoki eraldatuz (transformatuz). Nortasuna, identifikazio segida baten bidez osatzen eta ezberdintzen da. Proiekzioa aldiz, pertsonak ongi ezagutzen ez dituen edo bere baitan ukatzen dituen kalitateak, sentimenduak, nahikundeak, « objektuak » batzutan, bere baitarik kanporatzeko eta bestearen baitan, pertsona edo gauza, kokatzeko eragiketa da).

Ipuinek ekarritako asmaketek, haur gehienek era hain bururatuan eta egokian zailtasun handiarekin asmatuko lituzketenak, haurra, bere kezka edipikoak gainditzen asko laguntzen dute, errealitatean bere gurasoekin harreman onetan geldituz. Adibidez, amak ezin dezake bere seme txikia onetsi ama ukateko aita garbitu nahi duelarik... Baina bultza dezake printzesa ederra lapurtzen duen herensuge hiltzailearen larruan ezartzen delarik. Lau urtetatik pubertatera, haurrak bere arazo edipikoen konponketa zoriontsua etorriko dela erakutsiz lasaitzen duten irudi sinbolikoak (maitagarriak, sorginak...) beharrezkoak ditu.

Haurrak, bukaera sustagarririk gabe (gaur egungo ipuinetan usu gertatzen dena), biziaren zorigaitzengandik ihes egiteko aukerarik ez duela uste du.

Gurasoek, beren haurrari ipuinak kontatuz, bere barne esperientziak ipuinetan proiektatzea preziagarritzat eta zilegizkotzat daukatela erakusten diote, baita asmaketen munduan sartzeko duen beharra eta hori bere buruari ukatzeko ezintasuna ahultasuna ez dela ere.

 

1.6 Ipuinak iradokitzen du

Maitagarri ipuinek, hazten ari den pertsonari ez diote ukan behar duen jarrerari buruzko leziorik ematen. Haurrak, bere bizitzaren une berezian bere buruari buruz eta bere barne gatazkei buruz istorioak dionaz gogoetatuz, bere aterabideak atzematen ditu.

Ipuinak haurraren gogoetarengain eragina badu, egin behar duena adierazi gabe, haren ondorioak hark ateratzea ahalbidetuz. Soilik prozesua egiazko heldutasuna ekartzeko gai da. Aldiz, haurrari egin behar duena erraten bazaio, adinekoen aginduekiko bere menpekotasuna bermatzen dugu.

Hala, maitagarri ipuinak ez du erantzun zehatzik ematen, iradokitzen du; bere mezuek aterabideak iradokitzen ahal dituzte, baina ez dira sekulan argiki adieraziak. Haurrari, bizitzari eta jendeei buruz istorioak azaltzen duena bere buruari ezartzen ahal dion (eta nola) erabakitzeko irudimena uzten dio.

Alegiek aldiz ez dute inolako zentzu gorderik. Beti egi morala adierazten dute; kaltegarritzat aurkeztua zaigun moldean jardutea galarazten digute.

 

1.7 « Surmoi », « moi » eta « ça »

Teoria psikanalitikoaren arabera, inkontzienteak jarreran azkarki eragiten du, haurraren zein helduaren baitan. Inkontzientean dagoena hein batean kontzientera heltzen ahal bada eta irudimenari ekiten badio, bere kaltegarritasun gaitasuna, guretzat eta besteentzat, asko apaldua da; bere indarraren zati bat helburu baikorren zerbitzura ezar daiteke.

Psikanalisian, « surmoi », « moi » eta « ça », nortasunaren hiru aldeak dira. « Moi », pertsonaren baitan, organismoa errealitateari egokitzen diona da, « surmoi »k gaitzetsitako pultsioak (« ça »a, hau da, gure senaren presioa, gure abere izaera, plazerraren printzipioaren adierazpena) kontrolatzen dituena. « Surmoi », kulpabilizazioa eragin dezaketen pultsioen aurkako defentsa bitarteko bezala, « moi »ren gainean inkontzienteki eragiten duen egitura psikikoaren elementua da, haurtzarotik gurasoekin inkontzienteki identifikatuz garatzen dena. « Surmoi », zentzu moralaren oinarria da.

Ipuina, haurraren garatzen ari den « moi »ri zuzentzen zaio eta honen garapena errazten du. Ipuinaren intriga bilakatzen den bitartean, « ça »ren presioak zehazten dira, eta haurrak, « moi » eta « surmoi »ren eskakizunekin bat eginez, nola lasaitzen ahal dituen ikusten du.

Haurrek ez dute kontzienteki beren « ça » kontrolatzen eta gutxienez joera « txar » hauen irudimenezko asebetetzea baimentzen duten istorioen beharra badute, eta haien gainditzeko eredu zehatzak behar dituzte ere.

 

1.8 Pertsonaren osotasuna

Haurra, argi duen ideiaren arabera, komunean ezer ez duten bi pertsonatan zatitzen ahal da. Haur batek iratzartzean « norbaitek nere ohea busti du! » erran dezake. Aipatzen duen pertsona hori, oraintxe bereizi den bere zatia da; bere nortasunaren alde hau arrunt arrotz egin zaio. Hobendun bakarra bera dela onar dezan tematzea, pertsonaren osotasunaren kontzeptua goizegi inposatzen ahalegitea da, eta tematze horrek bere garapena atzeratuko luke soilik. Haurrak, bere « moi »ren sentimendu azkarrera heltzeko, bere buruaz osoki onartzen duenera eta nahi duenera garai batez « moi » hori mugatzea beharrezkoa du. Ondotik, bere « moi »k izaera dudakorragoa duten alde batzuk ukan ditzakeelaren ideia emeki onartzen has daiteke.

 

2. Euskal mitologia Anuntxi Aranaren arabera

Euskal mitologiako kondaira gehienetan, jendeek izaki mitikoekin (laminak edo jentilak) dituzten kalapitak kontatzen dira ere, noiz-behinka bi taldeen artean harmonia topatzen bada ere. Harreman horiek, auzoen artean izaten diren arazoen islada dira. Erran nahi baita, mitoen bidez jendeek gogoetatzen dituztela beren auzokoekin dituzten adiskidetasuna eta bekaizkeria, elkarlaguntza eta tirabirak... Badirudi ere mitoek laket dutela jabegoari, trukaketei eta ebasketari buruz gogoetak egitea.

Bestalde, Anuntxi, mitoek zapalkuntzaren onarpenean eta alienazioaren alde eragin dezaketela dio. Adibidez, euskal kondaira batzuen joera sexista salatzen du, baina joera hori kontalariek irauli dezaketela goraipatzen du ere.

 

3. Ipuinak Pierre Péjuren arabera

Ipuinak ez du soilik helburu bezala oinaze (tormentu) pultsionalen eraginpean den haurra argiago ikusten laguntzea eta heldu sexualitatea eta nortasun osoa eskuratzeko orientatzen laguntzea. Ipuinek Bettelheimek ikusten duen egitura edipikoa badutela argi bada ere, beren elementuen zati oso handiak ihesa eta bazterra irudikatzen du. Hala, ipuina, amarekin ezkontzea edo aita hiltzea bezain zilegizkoa den nahikundea irudimenez asebetetzea dator: problematika guzi horrengandik ihes egitearena, bahitua izatearena, familiari, ohiturari, patuaren sobera aurrikusitako kateatzeei kendua izatearena.

Bettelheimek ipuinaren elementu bakoitza haren « erranahi » sakonaren bidean ezartzen gaituen seinalea bezala ikustarazten digu.

Bettelheimen baitan, ediporen nozioak menperatzen duen azalpenak emateko molde mugatua bada. Ipuinen inkontzientea nagusiki ediporen konplexuak egituratzen duela pentsatzen duela dirudielarik, muturreraino sinplifikatzen du.

Gainera, haurraren jarreran kezka moralak gehiegi balioesten (estimatzen) ditu (adibidez, bere ohean pixa egin duelarik omen bere buruaren alde txarrari leporatzen diolarik).

Psikanalisiak, inkontziente kolektiboak unibertsalki egindako helburu terapeutikoak edo hezitzaileak ipuinetan ustez aurkituz, ipuinak uniformizatzeko joera du.

 

Irudimen sortzailearen arrago, beharbada ipuinak nork bere bizia asmatzeko abiapundu dira, libidoaren estadioen gainditzera eta ediporen konplexua konpontzera mugatzen ez den bizia, eta Bettelheimek ipuinen bukaeratzat daukan helduaren itxura normalizatuarekin (ezkontza, heterosexuala...) gutxi-gorabehera bat egiten dugularik kolpez gelditzen ez dena.

 

Ipuinen unibertsoa ametsen gordelekua da. Kasik guziek beste nonbaitera joateko atea badute, nondik gure irudimenak ihes egin dezaken. Naturaz, zehaztugabetasunen eta esperientzia aberatsen eremua den oihanaz edo mendiaz, munduarekiko, abereekiko edo metalekiko jakinminaz, hitz egiten dute, arazo familial inkontzienteekiko erabateko axolagabetasunean asetzen den jakinmina.

 

Ipuin handien zimurretan, edipikoak batere ez diren nahikundeen existentziaz zerbaitek lekukotasuna ematen du, adibidez joateko eta harat-honat ibiltzeko nahikundea, ez ezkontzekoa, lagunartean bizitzekoa, munduko indar guziekin komunikatzekoa... Gure baitan « abere bilakatzeko » nahikundeak existitzen dira, arbola edo harri bilakatzekoak... Inkontzientearen beste bizi hori ihesaldiz egina da: pertsona antzei, sozial edo familial rolei, espezien bereizketa zehatzari eskapatzeko molde hutsa (purua). Ipuinek, beste izateko eta sentitzeko moldeei buruz idekidura ematen dute ere.

 

Ipuin anitzen neskatxoa, pentsamolde nagusiaren eta menperatzailearen (falozentrista, patriarkala) bazterrean egoten delako da hain ederra.

Tamalez, ohizko ipuin gehiengoek, bukatzerakoan, dena ordenan sar dadin, ideki dutena (edo iradoki dutena) hesten dute. Neskatxoaren ihesaldia erakusten dute eta baita ere nola tranpa egiten zaion, berriz hartua den, berriz kokatua (instalatua) den, hitz batez, erregina egina! Beharrik neskentzat, beharrik denentzat, ipuinek ez dute patu bat edo zerbaiten hastapenen irakaspen bat (iniziazio bat) onartarazteko lezio bat irudikatzen soilik, baizik eta aurkezpen bat.

 

Grimm anaiek begirunez zaindu zituzten istorio herrikoiek, XIXgarren mendeko lehen urteetan Achim von Arnim, Clemens Brentano, Ludwig Tieck edo E.T.A. Hoffmann bezalako olerkari erromantiko alemandar batzuek asmatu zituzten ipuinen haurtzaroko gune berdinak gure baitan hunkitzen dituzte.

 

4. Istorioak Bernard Aucouturieren arabera

Haurrei istorioa kontatzea, hizkeraren bidezko sakoneko segurtatze joko dramatikoa da. Istorioak ondoko bi uneak ditu:

- asmaketaren igotzea, ondoko gaietatik abiatuz kontakizunari izaera dramatikoa ematen diona: jana, karraskatua, urratua, moztua, lasterkatua, harrapatua, giltzapean sartua, utzia, galdua... izatearen beldurra. Maila inkontzientekoak diren gai hauek, jazarkundearen eta suntsitua izatearen asmaketari lotuak dira, baita ama galtzearen asmaketari ere.

- segurtamen emozionala sortzen duten segurtatze oinarrietara itzultzea. Hain zuzen, oso garrantzitsua da istorioaren heroiak, zeini haurrak identifikatzen diren, bizirik iraun dezan eta erasotzailea (otsoa, haur-jalea, sorgina...) garai dezan.

 

Aucouturieren arabera, kontatzaileak bere gorputza mugitu behar du, bere boza aldatu, kontakizunaren erritmoa azkartu, moteltasunaren, isiltasunaren eta beha egotearen bidez hausturak sortu, harridurak sortu, emozionalki oihartzuna duten ezusteko azkarrak sortu, baina asmaketa azkartu gabe, bestenez honek izaera sinbolikoa urrunaraziko luke eta ondorioz egiazko beldurra sortaraziko luke.

Itzuli