Trazadura Arno Sternen arabera

 

Hemen haurrentzat balio duenak, usu helduentzat balio du ere.

 

1

Marrazketa ez da soilik “trebe” omen diren jendeen “dohaina”.

Ez dugu baitezpada haurraren baitan “marrazkilari trebe” horietarikoa izateko gogoa piztu nahi.

Marrazkiak ez dira ez “lortuak” ez “huts eginak”.

Ez dugu haur marrazketa arte forma bezala ikusten.

 

2

Bere bultzada naturalaren arabera marratzea da haurraren nahikundea.

Nehork ez badu trabatzen, bere berezko bultzadak agintzen diona egiten du haurrak.

Marratze ekintzarako joera gutariko bakoitzaren baitan da. Bere gauzapenak mugarik gabeko plazera eragiten du.

 

3

Erreferentziatzat dituen pertsonak bere jokoa onesten badute, haurra plazer horretan buru-belarri murgiltzen da eta joko horrek toki garrantzitsua hartuko du bere bizian. Horrela, arrazoimenak agintzen ez duen ekintzen esperientzia eginen du. Ekintza hauetatik ez dira lanak, hau da besteek behatutako, onetsitako edo gaitzetsitako objektuak, sortuko.

Haurra buru-belarri murgiltzen da marratze ekintzan; alabaina, arrazoinamenduaren hertsapenez arindurik burutzen du.

Eskuak berez trazadura ematen du. Ondotik arrazoimena “iratzartzen” da eta trazadura hori irudi batez janzten du. Nahitako eta berezko ekintzen artean etengabeko joan etorria gertatzen da. Ez dira alde batetik irudiak, soilik nahitakoak, eta bestetik trazadurak, bakarrik berezkoak. Haurrak, bere borondatearen arabera sortzen duela uste du, baina kontrolik gabeko kezkek dute bere nahikundea agintzen.

 

4

Trazadurak ez darama mezurik.

Haur batetatik jalgitzen den trazadura edo marrazkia aurreikusten ahal da, eta ez da beste batetatik, haren bilakaeraren une batean, berez ateratzen denarengandik ezberdina.

Eskolatuak ez diren eta beren bizimoldea ingurumen bereziak azkarki baldintzatzen duen populazioetan, basamortuetan, sabanetan, Amazoniako oihanean eta Ginea-Berriko junglan adibidez, errepertorio bat zeinetik haur guziek hartzen duten badela baieztatu ahal izan da, baita, baldintzapen kultural guzietatik at trazaduraren eta marrazketaren adierazpen naturalaren unibertsaltasuna badela ere.

 

5

Ez dugu gure goranahi kulturalentzat haurren adierazpena alde batera uzten.

Ez diegu haurrei eskatzen kontatzen dieguna irudikatzea, istorioak kontatzeko marraztea.

Kanpoko pertsona ororen esku hartzeak, haurraren marrazketa traba eta muga dezake, bere gauzatze naturaletik desbidera dezake: pausatutako galderak, iradokizunak, akuilatzeak, iruzkinak, interpretazioak, balore iritziak, harridurak, zuzenketak, erakusketak, goresmenak, miresmenak, laudorioak... desbideratzea eragiten dute, eta haurrak marrazten duena, ondorioz, ez da gehiago egiazko gauzatzea, baizik eta beste pertsonak itxaroten duenari erantzuna: helduek eta helduentzat ezarritako marrazki hura.

 

6

Beren bultzadaren arabera egin dutenarentzat justifikazioak asmatzera bortxatuak dira beren marrazkiei buruz galdekatuak diren haurrak.

 

7

Ez dugu nahi haurrak erka dezan, ereduak xerka ditzan, haien adibidearen arabera egin dezan...

 

8

5, 10 edo 15 urteko haurrak bere berezkotasuna galtzen badu, seguru aski helduen eraginengatik eta presioengatik da.

Ez dugu nahi epaitzen dutenen hain menpekoa bilakatzea haurra, non neurgarri den emaitzarik gabeko ekintzak egiteko aukera baztertzen duen.

 

9

Besteengandik preziatua izatea bilatu gabe haurrak marraztea nahi dugu.

 

10

Adierazpen gertakaria sustatzen duen beharra iraunkorra da. Funtsezkoa dena ez da ustekabez agertzen, behin eta berriz agertzen da.

Berez datorren oro, kanpoko akuilatzerik gabe, pertsonaren beharraren bidez, nahitaez errepikatua da. Beraz, errepikapena ez da irudimen eskasaren adierazlea.

 

11

Haurrei ez diegu behaketa marrazkiak egitea eskatzen.

Behatze marrazketa iradokiz, beren behaketara ekartzen duguna haurrek ahal bezain zehazki kopiatzea nahi dugu gehienetan. Argazkia bezala den marrazki zehatza lorpenaren gailurtzat daukagu usu. Marrazketa behaketatik sortzen dela uste dugu, begiak irudiak hartzen dituela eta eskua agintzen duela, eskua begiaren zerbitzura dela.

 

12

Egun batez, bere eskuak eratu duen gauzan, bere ingurumenean agertu den objektu baten ezaugarriekin antzekotasunak badirela ohartzen da. Une horretatik gora, irudikatzearen ideiari lotuko da marratzea. Alabaina, haurrak adibidez etxea irudikatzen duelarik, ez da bere ingurumenekoa, ez da topatutako gauza bere egiazko itxuran agertarazten duen irudia, haurrak ez baitu ikusten duena kopiatzeko marrazten. Jakina, existitzen direla dakizkien gauzak irudikatzen ditu haurrak, baina ez du mundua irudikatzen, bere mundua sortzen du, bere kezken, esperientzien eta ametsen isla dena, beretzat garrantzia duenarekin. Horrela, bere egiazko pertsonalitatea hedatzen ahal da. Marrazketa eta margolaritzarentzat, nagusiki Arno Sternen jardueretan oinarritzen diren ondoko ideiak esperimentatzen ditugu.

Itzuli