8. Garapen mailak

Atal honen planoa:

 

Sar hitza: Garapen mailak Jean Piageten arabera

8.1 Gutxi gora behera 0 eta 2 urte artean duten haurrak

Bular ematea

Ninia soinean eramatea

Behaketatik esku hartzera

Niniaren igurtzaldiak

Ahozko mintzairaren ikasketa David A. Sousaren arabera

8.2 Gutxi gora behera 2 eta 7 urte artean duten haurrak

Jardueren ezaugarriak

Idatzizko mintzairaren eta idazketaren ikasketa

Hizkuntzen ikasketa

Matematiken ikasketa

8.3 Ondoko garapen mailetako haurrak

 

 

Sar hitza: Garapen mailak Jean Piageten arabera

Jean Piageten arabera, haurren garapen maila handien araberako haur taldeak egitea komeni da: gutxi gorabehera 0 eta 2 urte arteko haurrak (sentimenei eta mugimenduari dagokien estadioa), 2-7 urte artekoak (estadio aurreoperatorioa: mintzairaren agerpena, joko sinbolikoarena, marrazketarena...), 7-12 urte artekoak (operazio zehatzen estadioa), 12-15 urte artekoak (operazio formalen estadioa) eta 15-18 urte artekoak. Talde bakoitzarentzat egindako leku berezietan banatu behar dira, baina garapen maila ezberdinetako haurren artean jarduerak burutu behar dira ere.

Ikasketan aitzinamendu maila berdinean diren adin ezberdinetako haurrekin ikasten du haur batek. Ber unean, ikasketa maila aitzinatuagoan diren haurren laguntza eskura dezake, edo ikasketan gutxiago aitzinatua den maila batean diren haurrak lagunduz bere jakitateak azkar ditzake.

Gauzak hola, adin berdineko haurrentzat ikasketa ez da berdina, haurrek, adin berean eta une berean ez baitituzte denek gauza berdinak ikasten, bakoitza bere beharren eta motibazioen araberako erritmoan aitzinatzen baita.

 

8.1 Gutxi gora behera 0 eta 2 urte artean duten haurrak

Bular ematea

Amaren bular ematea jende espeziaren biologian idatzia da. Segurtasun, samurtasun eta plazer iturri den esperientzia aparta izateaz gain, bular emateak elikagai hoberena ematen du. Bular ematearen onurak ez dira gehiago frogatzekoak. Amaren esneak niniaren beharretara egokitua den osaketa ezin hobea du. Dituen defentsa gai ugariei esker (bereziki kolostromean kontzentratuak) kutsatze ugariren aurka babesten du ere. Hain zuzen, bularra, antigorputz eta kalitate handiko gai nutritibo kantitate ederra egunero ekoizteko eta kanporatzeko gai da, haurraren adinari, egunei, eguneko uneei eta edoskitzearen faseei egokituz.

 

Ninia soinean eramatea

Ehun milaka urtez, sortu berriak, sortzetik landa, amaren gorputzarekiko kontaktuan egon dira, amak zenbait hilabetez soinean eramanda.

Norbaitek soinean eramateak, niniak seguru sentiarazten ditu. Adibidez, umetokiko egonaldiaren ondotik, lotura etengabea eta jarraipen lasaigarria diren amaren bihotz-taupadak entzuten ditu.

Hain zuzen, sortzean, sortu berria kolpez aztoramen sentsorialean eta motorean murgildua da: adibidez, inguratzen zuen eta iraunkorki babesten zuen grabitaterik kasik ez duen ur ingurumenetik aire ingurumenera pasatzen da. Gauzak hola, bere inguruan dagoen hutsunea irudika dezakegu, baita lehertzen duen grabitatea ere, edo likido amniotikoaren eta umontziaren hormen erresistentzia galdu duten soinadarren luzaketaren eta plegatzearen mina.

 

Jean Liedloff-en arabera, soinean eramanak diren niniak egon behar duten tokian dira, hots, amarekiko, aitarekiko edo beste heldu batekiko kontaktu fisikoan; honek heldu hauei ez die eragozten egon behar duten tokian egoten, hau da, beste helduekin, heldu jardueretan murgildurik.

Niniak arreta zuzena ukaitea maite du, besarkatua, laztandua izatea maite du. Baina bere zeregin nagusia, eramaten duen pertsonaren jokabideen, topaketen eta inguruaren behatzaile zein lekuko izatean datza.

Honela, ninia, sortzetik landa, baita lo delarik ere, edozein tokitara eramaten da; eta bere inguruko jendeen ahotsetara, beren jardueren soinuetara, astinduetara, mugimendu eta geldialdietara, bere gorputzaren atalen gaineko presioetara … ohitzen da.

Garai honetan zehar, niniak bizia nolakoa den ikasten du; kideen artean bere lekua hartzeko trebatzen duten esperientzia ugari eta anitzak bizitzen ditu.

Beraz, ninia usu helduarekiko kontaktuan da, baina helduak berarengan arreta osoa gutxitan ezartzen du. Aldiz, niniak, bere heldu jardueretan zentratua den helduarengan arreta ezartzen du.

 

Behaketatik esku hartzera

Ninia bere baitarik lekuz aldatzen eta eramaten duen helduarengandik urruntzen hasten delarik, azken hau bere zereginetan murgildua da, eta, Jean Liedloff-ek dioen bezala, garrantzitsua da begirada niniarengana etengabe ez zuzentzea. Helduak ninia onartzen du eta entzuten du beregana berriz etortzen delarik, baina kontaktuan sartzen den lehena izaten saihesten du. Helduaren irmotasunak eta prest egoteak, umeari mundua esploratzeko behar duen segurtasun guzia ematen dio.

Honela, umeak behaketatik parte hartzera pasatzen dira. Haur zaharragoak eta helduak imitatzeko joera halabeharrez agertzen da. Hortaz, gure ustez, haurren imitatzeko eta beren gaitasunak berez erabiltzeko joeraz baliatzea funtsezkoa da, haur zaharragoek eta helduek burututako jardueretan beren heinean parte hartzeko aukera emanez.

 

Niniaren igurtzaldiak

Niniaren igurtzaldiak besteak beste dakarrena:

1) Interakzioa: lotura segurtasunean, hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa, buruz buruko kalitatezko une aparta, aurre-mintzairazko komunikazio konpetentziak, sentimen organo guzien erabilpena ukimen elikatzailea barne, bi gurasoekilako kontaktu goiztiarra...

2) Estimulazioa: arnasketarena, liseriketa eta nerbio sistemena, koordinazio eta oreka sistemarena, mintzairaren garapenarena, tonu muskularrarena eta muskuluena, hazkuntzarena, gorputz kontzientziarena...

3) Lasaialdiak lagun ditzake: haizeak, behitikoak, idorreria eta botatzea, urdail-hesteetako arranpak (liseriketa), hazkuntzari lotutako minak, gihar tentsioak, hortzen hazkuntzari lotutako minak, tentsio fisiko eta psikologikoak, larruaren malgutzea...

4) Erlaxazioa froga dezakete: loaldi erritmo hobea, tonu muskularraren normalizazioa, kontzientzia egoeren erregulazioa lasaiago izanez, nor bere burua lasaitzeko gaitasunaren hobetzea (autoerregulazioa), urduritasun mailaren beheititzea, hiperaktibitatearen apaltzea...

 

Ahozko mintzairaren ikasketa David A. Sousaren arabera

Haurrak ez du hitz egiten ikasten imitazioz bakarrik; mintzaira helduarekiko elkarrekintzaren bidez eraikitzen du.

Horretarako, haurrak, ahozko elkarrekintzaren eta gure erreformulazioaren bidez, hiztegia aberastera eta esaldiak eraikitzera bultzatzen ditugu; erran nahi baita berriz formulatzen ditugula, sintaxiari kasu eginez, hau da hitzen hurrenkera, adierazpena ikasten ari diren haurren esaldi okerrak. (Gehiago jakin).

 

0 eta gutxi gora behera 2 urte arteko haurren behar hauei erantzuteko, guretzat, Bizi Tokiko ibilmolde arauetan diogun bezala, lehenik gutxienez beren ama eta ondotik ama edota aita beraiekin Bizi Tokian egotea funtsezkoa da, eta ezin baldin badute, Bizi Tokiko kideek hori egingarri bilakatzeko aterabide bat xerkatzea.

 

8.2 Gutxi gora behera 2 eta 7 urte artean duten haurrak

Jardueren ezaugarriak

Haurrak, helduen eta inguruan dituen haurren jestu, jarrerak eta jokabideak era naturalean imitatuz, bere zentzu morala eta bere pertsonalitatea oso goiz eratzen duenez, erakusten dugun ereduari garrantzia ematen diogu. Hitzak ez du pisurik ereduarekin bat egiten ez badu.

 

Horra adin tarte honetako haurrei proposatzen zaizkien jarduerek ukatea interesgarria den ezaugarri batzuk:

 

● Ahal den neurrian, haurrak hunkitzen ahal ez duen guzia bere inguru hurbiletik ken, haurrentzat oso geldigarria baita hunkitzea debekatuak zaizkien objektu tentagarriak uneoro ondoan ukatea.

 

Haurrari, guzia misterioa den eta esploratzeke duen mundu batera heltzen denez, arlo guzietan esperientzia haztatua ahalbidetu, Célestin Freinetek egiten zuen bezala.

Zailtasunaren gainditzetik, lortutako helburutik, argitutako misteriotik edota independentea sentitzetik etortzen da usu haurraren poza.

 

Haurrari, nahi duelarik, esperientzia batetik beste batera pasatzeko aukera eman. Ber gisan, interesa agortzen zaion jarduera beste batentzat baztertzeko aukera eman. Jarduera kolektiboa baldin bada, haurra, berak aktibitatea uzteak taldearentzat ekar ditzakeen ondorioez jabetu dadin entseatu.

 

Lekuko izan garen esperientzia ulertu dugula uste dugu, baina ohartzen gara gure esperientzia propioaz garela bakarrik benetan jabetzen. Beraz, haurraren esperientzia haztatua ahalbidetu, erraztu eta antolatu, berak ahal den gehiena esperimentatzeko. Bistan da, beretzat kaltegarriak izan daitezkeen esperientziak baztertu.

Hala ere, haurrak bere haztamuetan bere izate propioa besteen esperientziatik aberasten duen neurrian, bere esperientzia haztatua beste haur edo helduen esperientzia eta teknikaren parean ezarri.

 

Tresnen urraskako erabilpenaren bidez esperientzia haztatuaren prozesua bizkortzen da.

 

Esperientzia bidezko heziketa hau gauzatzeko, haurrari naturaren bizitzan ahal bezain luzaz murgiltzen utzi. Usu, jarduerak eta esperientziak kanpoaldean burutu behar dira.

Hirian, ahal bezainbat, naturaren eskasia konpentsatzeko asmoz, ingurune aski zabala eta aski aberatsa eraiki.

 

Bizidun mota oro artatzeko aukera haurrei eskaintzea entseatu.

 

● Célestin Freineten ustez, adin tarte honetako haurrei proposatzen zaizkien jardueren ezaugarriak bereziki ondorengoak izan behar dira: helburu hunkigai bat kasik segidan lortzea ahalbidetzen duten materiala eta teknika (jardueraren emaitza atzerapenik gabe ikustea eta sentitzea ahalbidetzen dutenak); jarraitutako helburua osoki ulertua eta beren ahalmen fisiko eta mentalen neurrira; aise neurgarria den aitzinamendua; autonomia erlatiboa jardueraren gauzapenean; ingurukoengandik epairik gabeko onespena. Jarduera hauek anplitude handiko erreakzioa ahalbidetzen dute (astinaldia – lasaitasuna, emozioa – baretzea, nekea – atsedena, beldurra – segurtasuna, arriskua – garaipena).

 

● Zentzumenen garapenak pertzepzioen aberastea ahalbidetzen du, Maria Montessorik irakatsi digunez.

Zentzumenak estimulazioari esker garatzen direnez eta esperientzia sentsorial goiztiarren gabeziak gure etorkizuneko gaitasunak mugatzen dituenez (helduaren sentimen-heziketa zaila delako), haurrari ukimena, entzumena, usaimena eta dastamena zorrozteko materiala eskaini.

Gauzak hola, haurrei, beraiek hauta ditzaketen estimulazio sentsorialak eskaini; ondotik, ahal duten guzia beren baitarik egiten utzi.

Sentsazioak biderkatuz eta estimulatzaileen arteko diferentzia txikienak sentitzeko gaitasuna garatuz, sentikortasuna zorrozten da.

Sentimen-hezkuntza lantzeko, trebatzen dugun zentzumena isolatzen ahal dugu, adibidez haurrak ukimenezko diferentziez ohartu behar badu ikusmenezko sentsazioetatik baztertuz.

 

Idatzizko mintzairaren eta idazketaren ikasketa

Hizkuntzak, irakurketa, idazketa eta ordinagailuaren erabilpena ikasteko eta praktikatzeko gela bat badugu. Adin txikiko haurrek, haur helduagoak eta helduak erregularki bertan ikasketa edo praktika horiek egiten ikusten dituzte. Helduagoak imitatzearen beharrak beraiek ere hori guzia ikastera bultzatzen ditu. Orduan, beren beharrei egokitutako jarduerak proposatzen dizkiegu. (Gehiago jakin).

 

Hizkuntzen ikasketa

Guretzat, hizkuntzen ikaskuntzak hizkuntza bakoitzaren historia eta berezitasuna ezagutzea ahalbidetzen du, baita hizkuntza bakoitza mintzatzen duten jendeen eta beren kulturaren hurbilagotik ezagutzea ere.

 

Bizi Tokin, hizkuntzen ikaskuntza laguntzeko, jarduerak gazteleraz, ingelesez... burutzea ahalegiten gara.

Heldu bakoitzak haurrekin hizkuntza bakarra erabiltzen du, haurrek hizkuntza eta pertsonaren arteko lotura egin dezaten eta pertsona hura hizkuntza horretan zuzenduko zaiela jakin dezaten.

 

Matematiken ikasketa

1) Oinarri pedagogiko batzuk

Haurraren interesa zenbakiarentzat eta sailkapenarentzat

Gauzen kopuruari eta izaerari doazkien nozioen eraikitzeko, hots zenbakia (matematiken oinarria) eta sailkapena (itxuren, koloreen, funtzioen... arabera), haurraren interesak eta bat-batekotasunak garrantzi handia dute.

Hastapenetik, zenbakia eta sailkapena, zentzua duten eta helburura heltzeko (adibidez haur baten izaria neurtzeko) bitarteko eraginkorrena osatzen duten egoeretan erabiliak dira.

 

Kontzeptuen arakatzea zentzuen bidez

Abstrakzioari ekin aitzin, haurrak matematiketako kontzeptuak zentzumenen bidez arakatzea ahalbidetzen dugu, Maria Montessorik egiten zuen bezala. Horrela, aritmetikaren ikaskuntzan, objektuak lekuz aldatzen dituen eskuak ere parte hartzen du. Haurrak, geometrian, kontzeptu batzuk hiru dimentsiotan bereganatuko ditu bi dimentsiotan irudikatu baino lehen.

 

Problemen ebazpena

Matematiken ikasketarako HaraMat fitxategia egin duten irakasleen arabera, lehentasunetariko bat problemen ebazpena da.

 

Problema baten ebazteko haur batek dakiena autonomoki erabiltzeko duen gaitasunaren arabera egiazki ikus dezakegu ikasi duena menperatzen duen ala ez. Horretarako, haurra, problema baten ebazteko erabilgarria dena berak xedatzeko (zehazteko) egoeran ezarria izan behar da. Zeren problema, ikasitako ezagutzak berehala aplikatzeko baldin badator beti, haurra ebazpenean ez da gehiago autonomoa.

Problemen ebazpenak, ezagutza berriak ikastea ahalbidetu dezake ere.

Kasu guzietan, xerkatzeko (argibideak erabili, bide berriak urratu…), abstrakziorako eta arrazoinatzeko (bereziki ondorioztatzeko) gaitasunak garatzea ahalbidetzen du, hau da, pentsamendu logikoa garatzea. Master-mind, Reversi, Puissance quatre, damak, xake jokoa, tangram, buru-hauste… bezalako jokoek, antolaketarako eta ondorioztapenerako gaitasunen garapena ahalbidetzen dute ere.

 

Usu, egoera-problemen ebazpen zuzenerako molde bat baino gehiago posible denez, haurrari, galdera bat aztertzeko, egoeraren ulertzeari eta erabiltzeko gai den ezagutzei hobekien doazkien bitartekoak erabiltzeko aukera ematea komedi da. Ondotik, haurra, bere ebazpen moldea molde landuagoetarantz bilakaraztea eraman behar da.

 

2) Ikasketen urraskakotasuna antolatzeko zedarriak

Ikasketen urraskakotasuna antolatzeko, programa ofizialek emandako zedarriak aintzat hartzen ditugu.

 

8.3 Ondoko garapen mailetako haurrak

Gaur egun Bizi Tokiko jardueretan esku hartzen duten haurrek sei urte baino gutxiago dute. Gauzak hola, ez dugu oraindik ondoko garapen mailetako haurrekin burutu beharreko jarduerei buruzko gogoeta garatu.