Ahozko mintzairaren ikasketa David A. Sousaren arabera

 

Hona David A. Sousaren arabera, ahozko mintzairaren ikasketari buruz 2005. urtera arte neurozientzia mentaletako ikerketak ekarri digun zenbait ikaspen:

 

1. Haurrak ahozko mintzairan lortutako gaitasunak eragin handia du burmuinak irakurtzen ikasten duen abiaduran eta arrakastan.

 

2. Haurrek, lehen urteetan zehar, gurasoei entzundakotik abiatuta, beren hiztegiko hitz gehienak bereganatzen dituzte. Ondorioz, hitz anitz dituzten elkarrizketetan helduekin usu parte hartzen duten haurrek, noizbehinkako hitz gutxitako elkarrizketetan esku hartzen dutenek baino hiztegi aberatsagoa eta anitzagoa eraikitzen dute.

 

3. Helduek hitz egiten dugunean ez dugu hitzen arteko pausarik egiten. Honek ez du errazten hitzak bereizi behar dituen niniaren burmuinaren lana. Gurasoek lan hau errazten ahal dute niniari tonalitate gorago batean mintzatuz, intonazio, sentsibilitate eta erritmo bereziak erabiliz, eta bokalak luzatuz eta azentuatuz.

 

4. Zenbait testek, txikienen (7 hilabete - 3 urte) hiztegiaren hazkuntza abiadurak, 9 edo 10 urtetan entzuteko, ahozko adierazpenerako, sintaxi eta semantika gaitasuna neurtzeko egindako testen emaitzekiko lotura azkarra erakutsi dute. Ikerketa honek, lehen urteek idatzizko mintzairaren bereganatzeko haurrarengan duten garrantzia azpimarratzen du.

 

5. Lehen urteetan zehar, haurrak zenbat eta ahozko hizkuntzarekiko kontaktu gehiago ukan orduan eta fiteago bereizi ahal izango ditu fonemak, hitzen arteko muga ezagutu eta agertzen hasten diren gramatika arauak hauteman (detektatu). Fonema, ahozko mintzairan ekoiztutako soinu unitaterik txikiena da. Adibidez, “ke” hitzak bi fonema ditu, /k/ eta /e/.

 

6. Burmuinak ahozko mintzaira bereganatzeko ahalmenaren puntu gorena lehen hamar urteetan duenez, gurasoek, ahal duten neurrian, jaio berriarentzat, mintzatzea, kantatzea edo ozenki irakurtzea bezalako komunikazio jardueraz osaturiko ingurune aberatsa sortu behar dute. Bistan da, bizitza osoan zehar hizkuntza berri bat ikasten ahal dugula; baina honek, hala ere, ahalegin gehiago eskatuko du).

Itzuli