Idatzizko mintzairaren ikasketa

 

Neurozientzia mentaletako ikerketak

Hona, David A. Sousaren arabera, idatzizko mintzairaren ikaspenari buruz 2005. urtera arte neurozientzia mentaletako ikerketak ekarri digun zenbait ikaspen:

 

1. Irakurketaren ikaspenerako egitarauak ondorengo puntuak jorratu behar ditu:

- ahozko mintzairaren esaldiak hitzez, hitzak silabaz eta silabak fonematan bananduak egoten ahal diren hasierez eta errimaz osatuak direla ezagutzeko gaitasunaz jabetzea;

Silaba, bokal batez osatutako “gunea” duen artikulazio unitatea da (artikulazio mugimendu bakoitzak silaba baten ekoizpena ahalbidetzen du). Frantsesean, ohituraz, E mutu baten presentziak hitzaren bukaeran ez du silaba berria sortzen. Hala, “crabe”, silaba bakarrekoa da. Hala ere, ondoko hitzak E mutua ahozkatzea behartu dezake (“un crabe blanc”). “Hasiera”, silabaren lehen kontsonantea edo kontsonante multzoa da, errima, ondotik datorren bokalak eta fonemek osatzen dutelarik. Hala, “cloche” silaba bakarreko hitzan, hasiera /cl/ da eta errima /oche/. Fonema, bi hitz ezberdintzea ahalbidetzen duen unitate fonologiko txikiena da: adibidez “cloche”, fonema bakar batez “croche”-en gandik ezberdintzen da. Fonema bat grafema baten bidez idatzira transkribitua da. Grafema hizki bakar batez edo gehiagoz (“en, ou, eau, ch...”) osatua izan daiteke, fonema berdina grafema bat baino gehiagok transkribitzen ahal dutelarik (“o, au, eau...”). Beraz, fonemak idatziarekiko garrantzi berezia du, idazkera sistema alfabetikoak unitate horren idatzizko adierazpenean oinarritzen baitira.

- alfabetoaren hizkien ikasketa (hizkien izena ulertzea), haien ezagutza (idazkietan direnak), eta hizki hauek irudikatzen dituzten soinuekin elkartzeko gaitasuna. (Haur gehienentzat, irakurtzen ongi ikasteko, printzipio alfabetikoa menperatzea ezinbestekoa da. Printzipio hau esplizituki erakasten duten metodoak, erakasten ez dutenak baino emaitza hobeak ematen dituzte. Bestalde, irakurle hasi berria, alfabetoaren hizkiak beren izenetik (a, b, d…) edo hizki hauetako bakoitzak irudikatzen duen soinutik ikasten hasi beharko litzateke (a, be, de…)? 2005ean ikerketak ez zuen lortu definitzen zein zen hurbilketa hauetatik eraginkorrena.) Halere, hizki-soinu korrespondentziei buruzko ariketa errepikakor eta intentsiboei gehiegizko garrantzia ematen dieten irakurketa programek haurrak aspertzen dituzte;

- hizkuntzan gehienetan erabiltzen diren eta haurrek idazteko behar dituzten hitzen ikasketa (hiztegia);

- ortografia arauen eta idatziaren konbentzioen ulermena;

- gramatikaren arauen eta esaera eta esaldietako hitzen ordenaren (sintaxia) ulermena;

- irakurketaren jariakortasuna;

- ulermena (semantika).

 

2. Gaitasun ororen ikaspenak, irakurtzen ikastea barne, trebakuntza eskatzen du. Burmuinak, gaitasun bat ikasi eta menperatzeko beharrezkoak dituen neurona-sareak eraiki eta indartu ditzan, pertsonak berak, ikaspenak helburu duen edukia jorratu eta errepikatu behar du. Pertsona, edozein adin eta mailatan, zenbat eta gehiago irakurri orduan eta trebeagoa izango da.

 

3. Motibazioa gaitasun baten ikaspen lortuaren gakoa da, pertsonak ikaspen honetan arreta jartzen eta trebatzen segiarazten baitu. Hala, irakurketaren irakaspenak irakurlearen interesa pizten duten testuak behar ditu.

 

4. Beste irakasgaietan ere irakurketaren irakaspena jorratzen da.

 

5. Sei urtepeko haurrek, zenbait minutuz edo zenbait egunez memorizatzea lortzeko, bi informazio elementurekin batera, gutxi gorabehera, jardun behar dute. Aurre-nerabeek 3-7 informazio elementurekin jarduten ahal dute (5 bataz beste). Nerabeek eta helduek: 7 elementu bataz beste (5-9). Gaitasun mugatu honek azaltzen du zergatik kantu bat edo poema bat zatika memorizatu behar dugun eta zergatik irakurle hasi berriek zailtasunak dituzten esaldi luzeak edo egitura edo sintaxi konplexuak ulertzeko.

 

6. Zenbait haurrentzat, alfabetizazioa jorratzeko orduan, idazketa irakurketa baino errazagoa da. Irakurketan, prozesuak hizki sekuentziak soinu bihurtzea eskatzen du. Beraz, soinuak hizki bihurtzean datzan idazketaren prozesuaren kontrakoa da hau. Idaztea jarduera sinplea izaten ahal da, honek haurrari soinu ezagun eta automatikoak hizki bilakatzea eskatzen baitio eta ez, irakurketan gertatzen den bezala, hizki ezezagunetatik ezagunera pasatzea (Chomsky).

 

7. Bigarren hizkuntza baten ikaspena: edozein hizkuntzarentzat, irakurtzeak ahozko hiztegiaren lexiko mental sendoa eskatzen du. Beraz, haurraren lehentasuna, bigarren hizkuntzaren ahozko mintzaira lehenik bereganatzea da, gaitasun honek emango baitio ahozko hitzen egitura entzutea eta erreproduzitzea ahalbidetuko dion oinarria eta, jarraian, hizkuntza honen soinu propioen printzipio alfabetikoa ikasteko oinarria.

Era berean, irakurketaren ikaspenak haurrarentzat duen zentzu sakona, irakurgai den testuan erabilitako mintzairaren ulermenaren menpe da.

Hortaz, helburua, bigarren hizkuntzaren ahozko mintzaira bereganatzen duen bitartean, haurrari bere ama hizkuntzan irakurtzen irakastea da. Bigarren hizkuntzan irakurketaren irakaspen esplizitua, haurrak ahozko gaitasun maila nahikoa duenean hasten da.

 

Ikasketen urraskakotasuna

Horra programa ofizialen, Phono metodoaren egileen eta Maria Montessoriren araberako ikasketen urraskakotasuna:

 

1) Ahozko mintzairaren esaldiak hitzez, hitzak silabaz eta silabak fonematan bananduak izaten ahal diren hastapenez eta rimaz osatuak direla ezagutzeko gaitasunaz jabetu

Adimen psikologian eramandako ikerketa guziek, hizkuntzaren soinuei haur gazteak oso goizik (3-4 urtetatik gora) sentsibilizatzea justifikatzen dute, eta kontrol kontzienterik gabe burututako jarduera fonologikoak proposatzen hastea (soinuekilako jokoak, soinuei buruzko jokoak), ondotik, bost urte aldera, landutako unitateen kontzientzia hartzea lortzea xerkatzeko. Erran nahi du, bost urte aldera, fonemetan zatikako analisia has daitekeela, nahiz eta ariketa hau, kode alfabetikoaren ikasketaren baitan kokatzea egokiago den, hots sei urte aldera.

Ahozko hitzen analisi fonologikorako, irudiak dituzten kartak euskarri bezala erabiltzea interesgarria da, Phono metodoak aholkatzen duen bezala: haurren adimen-jarduera laguntzeko bitarteko ona da, jarduera hori, ikertu behar dituzten hitzen gogoan atxikitzearekin debaldetan kargatu gabe. Ber gisan, “silaba hau edo fonema hura duten hitzak” beren buru hiztegian xerkatzea oso zaila da haur gazteentzat. Horretarako, ikertu beharreko hitzak lehenik helduak proposatutakoak izan behar dira (edo irudien artean hautatuak). Bixtan dena, haurrek beren baitarik egindako proposamen guziak ongi etorriak direla.

 

Horra ariketa batzuk:

- Soinuen (bokalak nagusiki eta soinu jokoak errazki burutzeko aukera ematen duten kontsonante batzuk) kontzientzia eskuratzea errazten duten abesti txiki oso errazak entzun eta ahozkatu.

- Hitzen, esaldien edo idazki laburren silabak kantatu.

- Hitz ezberdinetan silaba berdinak aurkitu.

- Soinuen eskuratzea errazten duten abesti txikiak kantatu.

- Hitzak eta silabak ezberdindu.

- Hitz baten silabak zenbatu; hitz batetan silaba bat aurkitu (hasiera, bukaera).

 

Fonemak eta kontsonante multzoak (adibidez /cl/ edo /tr/) izendatzeko, “soinu” izena erabiltzea komeni da. “Hastapena” azaltzeko, “hitzaren (edo silabaren) hastapenean entzuten dena da” erran daiteke, eta “rima” izena, “hitzaren (edo silabaren) bukaeran entzuten den soinua da” sistematikoki zehaztuz erabil daiteke.

 

- Mintzaira osatzen duten soinuak ezberdindu, bereziki a, e, i, o, u, é bokalak, eta hitzen hastapenean (hastapena) eta bukaeran (rima) diren kontsonante batzuk. Etengabeko kontsonanteekin hasi (f, s, ch, v, z, j, l, r, m, n, gn), etengabekoak ez diren kontsonanteak ezberdintzeko baino errazagoak baitira. Hizkien soinuak aztertzerakoan, kontsonanteak, bakarrik bokal batek segitzen baditu ahozkatzen ahal direla ez ahanztea komeni da: /p/ ahozka ezina da, baina /pa/ eta /a/-ren arteko ezberdintasunak fonema horren existentzia agerian ematen du.

- Hitz batetan soinu bat aurkitu (hastapena, bukaera).

- Soinu hurbilak ezberdindu (f/v, s/ch, s/z, ch/j).

 

2) Idazketa jesturuntz urratsak egin

Ariketa fonologikoak egiten diren bitartean, idazketaren oinarrizko trazaduren menperatzera daramaten idatzizko ariketak egin: zirkuluak, bertikalak, horizontalak, kuxkul eta uhin kateatzeak... handizki egin, plano bertikalean (taula) eta ondotik horizontalean (mahai).

 

3) Alfabetoaren hizkien ikasketa eta ezagutza, eta hizki hauek irudikatzen dituzten soinuekin elkartzea

- Soinuak ongi menperatuak direlarik, bokal eta kontsonante hizkiak soinuei lotu.

- Hitz fonetiko laburrak ekartzeko hizkiak lotu.

- Silaba bakarreko, bi silabetako... lehen hitz errazak idazteko, egurrezko, plastikazko edo kartoinezko hamar bat zentimetroko hizki kurtsiboz osatutako alfabeto mugikorra erabil, hitzaren soinu bakoitza bereiziz eta artikulatuz.

 

4) Idazketaren jestua ikasi

Azken ariketa fonologikoak eta printzipio alfabetikoaren ikasketa egiten diren bitartean:

- Hizkiz transkribatutako soinua ikasi ondoren, hizki hori idazkera kurtsiboan trazatu.

- Hizki eta soinuen arteko loturak aztertzeko landutako hitz errazak idazkera kurtsiboan trazatu: idazteko tresna ongi atxikiz orrialdeko toki egokian idatzi; hitzak berridazten trebatu.

- Norberaren izena inprentako hizki handiz idatzi, horizontaltasuna eta ezkerretik eskuinerako norabidea errespetatuz.

- Horra ere, ikasketaren abiatzea motibatzen duten irakurketa eta idazketa ariketa batzuk: sukaldeko errezetak, senideen eta lagunen izenak, helbideak, jarraibide-orriak (jostailuenak, tresnenak...), jardueren (egunekoak, astekoak...) plangintza, egutegia, karriken izenak, afitxak...

 

5) Idazketaren ikasketarako Maria Montessoriren ohar eta gauzapen batzuk

6 edo 7 urte azpiko haurren eskua, motrizitate sentikortasun garai oparoenean da. Garai horretan gihar oroimena bereziki harkorra da.

Material berezia erabiliz, haurrak bere eskua malgutzen du, eta oso goizik eri pototsarekin eta hatz erakuslearekin objektuak hartuz, idazteko gai den eskua eskuratzeko inkontzienteki prestatzen da. Ariketa frangotan, jestuak ezkerretik eskuinera eta goitik behera egiten dira, gure kulturaren idazketa norantzan bezala. Marrazketak ere, eskua idazketarako tresna erabiltzeko trebatzen du.

Ariketa adibideak:

- haurra, forma geometrikoekin (egur zati itsatsiak, botoin batekin erdian) zirkuluak, laukiak, irukiak... trazatuz esku muturra malgutzen entrenatzen da. Haurrak, eri pototsarekin eta hatz erakuslearekin formak botoinetatik hartzen ditu.

- kartoi txiki leunei lotutako paper latzezko alfabetoko hizkiak ukitzeak, hizkien ikus-oroimena eta mugimendu oroimena batera finkatzeko balio du. Helduak, hatz erakuslearekin eta hatz nagusiarekin biekin batera hitzen ingurua idazketaren norabidean ukitzeko esku eskuina eta ezkerra erabiltzen ditu, eta hizkiaren soinua ahozkatzen du. Ondotik, haurrari erakustea eta izendatzea eskatzen dio. Fonema latzak ere aurkezten dira.

- semola mehean hizkiak trazatu.

- ondotik haurrak orri baten lerroen artean hizkia trazatzen du.

 

Idazketaren eta irakurketaren ikaspena sustatzeko beste tresna bat, bertan ez diren beste haur batzuekiko komunikazioa da; adibidez, beste haur batzuek egindakoarekin trukatzen duten adierazpen libreko egunkari baten bidez. Alabaina, haurrek, jende guziek bezala, komunikatzeko joera bizia dute.

 

Gisa horretan, haurrak idazketaren eta irakurketaren balioa, zentzua, beharra eta garrantzi indibidual eta kolektiboa sentitzen ditu.

Itzuli